Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesen liburua euskaratu du Aiora Enparantzak
Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesek sinatu zuten 1970eko hamarkadan “Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza” liburua. Italieraz eta ingelesez idatzitako jatorrizko lana hainbat hizkuntzatara itzuli da hamarkada hauetan eta orain euskarara ekarri du Aiora Enparantzak.

Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesen “Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza” argitalpena euskaraz irakurri ahal izango da aurrerantzean. Aiora Enparantzak itzuli du eta Kataktrak-ek eman du argitara liburua.
Feminismo autonomoaren manifestua da liburua, hitz gutxitan esanda. Italian du jatorria feminismo autonomoak eta italiarra da Mariarosa Dalla Costa (Treviso, 1943). Selma James (New York, 1930), berriz, AEBko idazle feminista da. Hainbat testu aurkituko ditu irakurleak, denak 1971 eta 1972an idatzitakoak. Bi egileen aldarrikapen nagusia etxeko lanengatik emakumeei soldata ezartzea izan zen. «Etxekoandreak etxeko langile gisa izendatzen dituzte, etxekoandrearen rola errotik ukatuz», azaldu du Katakrak-ek. Kapitalismoari egindako kritikan txertatu zuten aldarria. «Emakumea gizarte kapitalistan bertan ulertzeko, uste dute funtsezkoa dela ulertzea zein den etxekoandrearen rola. Modu esplizituan lotzen du emakumearen auzia auzi antikapitalistarekin. Emakumearen borroka klase borrokan kokatu behar delakoan daude eta bere tokia topatu behar zaiola. Ez dela posible kapitalismoaren barnean emakumearen askapen prozesua gertatzea. Uko egin nahi diote etxeari eta etxearen inguruan antolatzen den familia nuklearrari, emakumeak izan ditzan aukerak hortik kanpo borroka sozialean parte hartzeko», azaldu zuten.
Katakrak-ek aurretik argitaratuak ditu ideia honen inguruko hainbat lan; Silvia Federiciren “Soldataren patriarkatua” liburua, esaterako. Aipatzekoa da Federicik berak idatzi diola liburuari hitzaurrea. Bertan, beste hainbat hausnarketaren artean, agertzen du garai hartako feminismoaren diskurtsotik aldentzen zela kolpetik.
APURTZAILEA
«1970eko hamarkadako mugimendu feministaren testu garrantzitsuenen artean kokatu dute ‘Emakumeak eta komunitatearen iraultza’; izan ere, atzera begira, orduko diskurtso feministarekiko apurtzailea izan zen. Emakumeen maila soziala lanaren antolaketa kapitalistarekin lotzen zuen, eta, horrez gain, etxeko lanak gizarte-ekoizpenaren funtsezko elementu direla eta metaketa kapitalistari laguntzen diotela argudiatuz, emakumeen borrokak borroka antikapitalistaren erdigunean kokatzen zituen».
«Horrela, feminista garaikide gehienek defendatzen zituzten joeretatik aldendu zen, zeren, oro har, abortuaren aldeko borrokan zebiltzan, baita emakumeen gorputzen gaineko estatu kontrolaren eta sexu harremanen egitura patriarkalaren kontrako borrokan ere (…)», dio Federicik bere hitzaurrean.
«ERRONKA HANDIA»
Aiora Enparantzarentzat «erronka handia» izan da obra hau euskarara ekartzea. «Lehenengo aldia da horrelako ezaugarriak dituen testu bat itzultzen dudana. Ibili naiz bai italierako bertsioarekin, ingeleseko bertsioarekin, gaztelaniako bertsioarekin, gaztelaniako latinoamerikar bertsioarekin... bueltaka. Polita da testua euskarara ekarri eta hitzaurrea Silvia Federicik egin izana, adinkideak direlako eta garai bera bizi izan zutelako. Garai hartan beraiek idatzitako testuen artean badago horrelako elkarrizketa bat eta hori oso polita iruditzen zait».
Ez da obra literarioa, testu teoriko-politikoa baizik. «Baina hizkuntzak berak baditu ezaugarri interesgarri batzuk ikuspuntu literariotik edo diskurtsibotik. Estiloa eta hizkuntzaren erabilera nahiko partikularrak direla esango nuke liburu honetan. Saiakera kutsua du hizkera politiko eta argumentatiboa erabiltzen duelako eta 1970eko hamarkadako diskurtso militanteetan eta testu militanteetan irakur dezakegun hizkera erabiltzen duelako», esan zuen.
Mami handiko testua da. «Baditu pasarte batzuk nahiko arinak direnak baina, era berean, bada diskurtso zuzena eta borrokalaria, borrokara deituz egindako testua delako. Era berean, ez da manifestu bat ere %100ean. Ez da obra literario bat, ez da saiakera bat eta ez da manifestu bat; hor tartean dagoen zerbait da. Gainera, ez du erabiltzen hizkuntza akademiko neutroa, ze askotan irakurlea interpelatzen du, gehienetan emakumeak. Esaldi inperatibo asko ditu, aginte perpausak eta esaldi probokatzaile asko ere bai».
Egiturari dagokionez, batetik, egitura diskurtsiboan analisi marxista eta, bestetik, eguneroko bizitzarekiko diskurso emantzipatzailea aurkituko du irakurleak estilo aldetik ere nahasketa duen liburuan.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
