XOLE ARAMENDI
ERRENTERIA

«Kaka», Korrika-AEKren II. Sorkuntza Bekaren emaitza, oholtzan da

Iritsi da Korrika-AEKren II. Sorkuntza Bekaren emaitza ikusteko ordua. Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabala aktoreek ondutako antzezlanak datorren asteazkenean ikusiko du argia Donostiako Antzoki Zaharrean. Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain ere igoko dira agertokira. «Euskaraz edozelako kultura eskaintza egin daitekeela erakusteko ere bada Korrika Kulturala», Ane Elordi Korrikaren arduradunaren esanetan.

Erika Olaizola, Mikel Laskurain, Xanti Agirrezabala eta Ainhoa Aierbe, «Kaka» antzezlanean.
Erika Olaizola, Mikel Laskurain, Xanti Agirrezabala eta Ainhoa Aierbe, «Kaka» antzezlanean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Inork kakarik egiten ez duen munduan, herriko plazan kaka mokordo bat agertu da. Irudi hori izan zen hasierako txinparta. «Jolasetik heldu diogu, intuitiboak gara, espontaneoak», kontatu zuen atzo Erika Olaizolak. Irudiari tiraka «endredozko thriller komikoa» ondu dute. Horrelaxe definitu zuen Xanti Agirrezabalak atzo, aurrestreinaldiaren aurretik hedabideekin izandako solasaldian.

Nor izan den jakiteko ikerketaren inguruan osatu dute trama. Oholtzan, Olaizola eta Agirrezabalarekin batera, Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe. Espe Lopez Legaleon-T antzerki taldearen sortzailetako bat da zuzendaria.

Donostiako estreinaldiarekin abiatuko dute bira, apirilera arte luzatuko dena. Momentuz 30 emanaldi inguru dituzte hitzartuta.

Herriko alkatea gorpuzten du Laskurainek. «Kaka mokordoa agertu eta justu hurrengo egunean plaza berria egiteko lehen harria jartzekoak gara. Indusketak egin direnean azaldu da kaka mokordoa eta obra geratu egin behar izan da. Horrek dakarren denarekin, alderdi ekonomikoa eta politikoa, datak, hurrengo hauteskundeetara begira, oposizioa gainean... Alkatea presiopean dago plaza berriaren eraikuntza aurrera ateratzeko», eman zituen zertzelada batzuk aktoreak.

Korrika Kulturalak emandako babesa eskertu dute Olaizolak zein Agirrezabalak. «Beka jaso ahal izateko aurretik lan asko egin genuen. Sekulako babesa da guretzako. Ekoizpenerako ekarpen ekonomiko handia da eta banaketa ere AEK ari da egiten», adierazi zuten.

30 lanetik gora aurkeztu ziren bekara. «Hainbat diziplinatan ari den jende profesionalarekin osatu dugu epaimahaia, herrialde bakoitzeko kide bat. Lurraldetasuna eta genero ikuspuntua garrantzitsuak dira guretzako. Azken fasera hiru proiektu pasatu ziren. Ondoren aurrez aurreko aurkezpen bat egiten da», azaldu zuen Ane Elordik, Korrikaren arduradunak.

«Euskaraz edozelako kultura eskaintza egin daitekeela erakusteko ere bada Korrika Kulturala», gaineratu zuen.

Kepa Errastiren laguntza izan dute Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak buruan zituzten ideiak egituratzerakoan. «Guretzat berria izan da gidoia eskuan genuela hastea aktoreekin lanean. Paperak gauza batzuk aguantatzen ditu eta, gero eszenatokian beste behar batzuk ere agertzen direnez, oso irekita egon gara entseguetako ekarpenetara».

Entseguez galdetuta, «lehen egunetik bikain ulertu dugu elkar Espek eta aktoreok; estiloa, nire ustez, berehala enpastatu dugu gure lan egiteko erarekin. Talde biribila osatu dugu», zioen Laskurainek.

«Ez nuke esango umeentzat sortua den espektakulua denik, baina uste dut gustura ikusiko dutela. Nerabezaroan sartzen ari direnentzat egokia da. Euskara zaindua du, horretan ardura handia hartu dute, eta iruditzen zait inportantea dela euskara ere bultzatzeko. Donostiarra naiz, bertan ez da hainbeste euskara egiten, eta horrelako zerbait ikusten baldin badute Donostiako umeek konturatuko dira euskaraz ere bizi daitekeela eta umorea ere egin daitekeela», esan zuen Aierbek.

«Nik publiko gaztea etortzea nahi dut. Jende nagusia etortzen da normalean», gaineratu zuen Laskurainek.