Paul Urkijoren filmik onena

The Witch” filmeko akelarreak bezalaxe, “Gaua” pelikulak ere misterioaren, iluntasunaren eta askapenaren mugak zeharkatzen ditu; bi lanek, bakoitzak bere erara, emakumearen indarra goratzen dute. Eggersen irudien oihartzuna sumatzen da “Gaua” filmean: katartikoa, erraietakoa eta izuaren edertasunaz blaitua, energia arkaiko eta boteretsu baten dirdirarekin. Sorgin ehiza betean, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Ihesean dabilela hiru emakumerekin topo egingo du. Haiek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko kondairak partekatuko dituzte.
Filmaren gidoia berezia da, ez da kronologikoa; ipuin laburren, elezaharren eta kondairen mamia darama, eta atalka antolatuta dago, matrioxka baten barruan dagoen ipuin kontalari baten tankeraz. “Gaueko”, “Inguma”, “Mateo txistu” eta “Akelarrea” dira lau pasarteen izenburuak, eta horietako bakoitzean Kattalin da haria. Eszenaratze lana ia ukigarria da: testurak, arnasketak, marruskadurak… Gaua ez da kontzeptu bat, ikuslearen gorputzean sartzen den presentzia bat baizik. Forma edukiaren eta sentsazioen zerbitzura dago.
Guztia ez da perfektua: pertsonaiek sakontasun pixka bat falta dute, eta Kattalinen bidaia ikuslearengana apur bat lausotuta iristen da. Filmaren soinu eta irudiak liluragarriak eta hipnotikoak dira, baina pertsonaien garapenerako denbora gehiago izatea eskertzekoa litzateke.
“Errementari”-ko munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu du, “Irati”-k zituen emozioa, maitasun keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasun dosi txiki batzuk erantsi dizkio.
“Gaua”, Urkijoren filmografian beste mugarri sendo bat da: bere lanik biribilena.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
