Washingtongo adostasunetik Londresekora
London School of Economics-ek, XXI. mendeko politika ekonomiko eta sozialaren oinarriak birplanteatzea helburu duen bi urtetako hausnarketaren muina argitaratu berri du. Bertan nazioarteko akademiko ospetsuen komunitate zabal batek hartu du parte. Aurten 36 urte bete dira John Williamsonek Washingtongo kontsentsu deiturikoa formulatu zuela. Efemeridea aitzakia, hura gainditzeko proposamena egin nahi izan da, non fokua hazkunde ekonomiko hutsetik dimentsio anitzeko garapenera eramaten den, eta non merkatuaren eraginkortasuna, gizarte ekitatea eta ingurumen jasangarritasuna eskumen zabaleko eta gobernantza oneko estatuen gidaritzapean antolatzen diren.
Esfortzu akademiko horren emaitza “The London Consensus. Economic Principles for the 21st Century” liburu mardula da, sarean modu irekian eskuragarri dagoena. Liburuko zazpi aztergaietan ikuspuntu ezberdinak jaso arren, bost printzipio adostu dituzte: i) politika ekonomikoen helburuak biztanleriaren ongizate zabala izan behar du, hazkunde materiala bakarrik ez, eta horrek produkzio eraginkortasuna, birbanaketa arduratsua eta ongizate multidimentsionala (osasuna, hezkuntza, giza kapitala, gizarte kohesioa) hobetuko duten politikak konbinatzea eskatzen du; ii) lurralde ikuspegia eta ikuspegi dinamikoa duen hazkundea, eskualdeen arteko desorekak saihestuz; iii) krisien, talka ekonomiko edo klimatikoen aurrean, erresilientzia eskuratu behar da Estatuaren bitartez, azpiegitura eta zerbitzu publikoetan babes sozialeko eta egokitzapeneko sistemak bultzatuz; iv) politika ekonomikoek, legitimoak eta iraunkorrak izateko, babes demokratikoa, herritarren parte hartze handia, gizartean kohesioa eta adostasuna bilatu behar dituzte; eta v) aurreko helburuak lortzeko, Estatuak bere gaitasun legalak, administratiboak, diru bilketakoak eta betearazleak sendotu behar ditu.
Jakina, ez da auzitan jartzen kapitalismo globalaren oinarrizko logika, ez eta metaketa mekanismoak ere. Kritika daiteke interbentzio publikoaren izaera mugatua, birbanaketaren sakontasun eza, garapenerako eta ekitaterako egiturazko kondizioen eraldaketarako mekanismo global eraginkorren gabezia. Baina Washingtongo adostasuneko logikari eta gomendioei osoko zuzenketa egiten zaie. Bost printzipio horiek Washingtongo kontsentsua alboratzea dute xede, gizarte kontratu eta politikarako paradigma berri baten oinarriak ezarriz. Ez da gutxi Trumpen administrazioaren eta internazional erreakzionarioak egindako zuzenketa partzialari begiratuta. Horiek begi onez ikusten baitute pribatizazioaren, liberalismoaren, desarautzearen eta sektore pribatuari langileak eta baliabideak ustiatzeko askatasun osoa ematearen agenda neoliberala; eta begi txarrez, merkataritza askea, monopolioaren eta ustelkeriaren aurkako legedia, aurrekontu defizit baxuak edota atzerriko inbertsioari ateak irekitzea, horiek ere ortodoxia neoliberalaren parte.
John Williamson ekonomialariak 1989an Washingtongo adostasunaren izenpean laburbildu zituen garai hartan Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak Latinoamerikan, batez ere, inposatzen zituzten politiken multzoa. Hamar gomendio multzotan bildu zituen: zerga defizit handiak saihestu; zerga tasa marjinal moderatuak ezarri; sorospen gastu publikoa birbideratu; interes tasa merkatuak zehaztea; truke tasa lehiakorrak; merkataritza liberalizatu; atzerriko inbertsio zuzenari oztopoak kendu; estatu enpresak pribatizatu; lehia murrizten duten erregulazioak indargabetu; eta jabetza eskubideen berme juridikoa. Finean, Estatuaren gaitasunak desaktibatu eta merkatuan konfiantza osoa izan.
Errezeta horiek nonahi aplikatu dira. Joseph Stiglitzek “El malestar en la globalización” liburuan salatu zuen agenda hori modu berdintsuan aplikatu zela egoera arras ezberdinetan: Latinoamerikako zorraren krisiari aurre egiteko 1980ko hamarkadan, Afrikan garapena sustatzeko, Europako ekialdean kapitalismorako trantsizioa antolatzeko, 1990eko hamarkadako finantza krisiei aurre egiteko Mexikon, Asiako hego-ekialdean edota Errusian... Austeritateari, liberalizazio zorrotzari eta pribatizazioei emandako lehentasunak polarizazioa, desindustrializazioa eta zerbitzu publikoak hondatzea ekarri zuen eskualde askotan.
Gertuen dugun biktima Grezia izan da. 2010 eta 2015 bitartean negoziatutako hiru erreskateetan, Troikak (NDF, EBZ eta Europako Batzordea) Washingtongo agenda inposatu zuen. Sakrifizioa latza izanik ere −BPG %28 jaitsi zen 2010-2018 bitartean−, zor publikoak igotzen jarraitu zuen, BPGren %148tik 189ra. Erabateko porrota. Diseinu horren ondorio kaltegarriak ez ziren soilik ekonomikoak izan, ordea. Greziak osasun krisiak izan zituen, baita gazteen exodoa, kapital instituzionalaren galera eta gizarte kohesioaren higadura sakona ere.
XXI. mendearen hasieran Washingtongo eredua birformulatu nahi izan zen, doikuntza neurriak garapen sozialarekiko eta ekitatearekiko sentikorrak izan zitezen, ereduak “giza aurpegia” izan zezan. Leungarri arinetatik harago, praktikan doitzearen logika gogorra ez zuten konpentsatu. Gerora Kornuallesko kontsentsua etorri zen 2021ean, G-7aren gailurraren babespean. Merkatuaren aldeko eta Estatuaren esku hartze txikienaren aldeko ereduaren aurrean, legitimatu eta indartu egiten du Estatuak ekonomian duen rola; gizarte eta ingurumen dimentsioak aintzat hartzen ditu; gobernantza globalerako mekanismoak, erreforma fiskal progresiboak edota korporazio multinazionalentzako gutxieneko zergak proposatzen ditu. Proposamen horiek koherenteki lerrokatzen dira Europan azken garaiko aurrekontu diziplina erlaxatzearekin, Next Generation moduko politika hedatzaileekin eta 2022ko Draghi txostenaren orientazioekin.
Londreseko adostasuna urrats bat da norabide berean. Esplizituago adierazten du estatuen funtsezko zeregina eta izan beharreko gaitasun konplexuak. Hala ere, muga handiak ditu bere proiekzio praktikoan. Aurreko adostasunetan ez bezala, eta analitikoki sofistikatua izan arren, orain arte ez du zuzeneko babes instituzionalik. Akademian harrera ona izan dun, baina ikusteko dago gobernu arteko agenda zehatzetan txertatzen den.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

Euskal partaidetza nabarmena MASS jaialdiaren bigarren edizioan

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»
