Zirujauaren determinazio eta tenplearekin, Etxeberria txapeldun
Peio Etxeberriak irabazi du Lau eta Erdiko finala, aurkaria aukerarik gabe utzita. Javier Zabala agintzen hasi zen baina Zenotzekoak segituan bereganatu zuen aginte makila eta behin eskuetan zuela, ez zuen eskapatzen utzi. Determinazioz eta aurkaria katramilatuta, 14-1eko partziala ezarri eta garaipena bideratuta utzi zuen. Bere bigarren txapel handia da, 2024ko Binakakoaren ostean.

Zirujau baten tenplearekin, halaxe agertu zen Peio Etxeberria, bai eta behin txapela soinean zuela ere. Nortasun lasaia du Zenotzekoak, urduritasunei iskin egitekoa da, eta hitzordu handienetan aldarte horrek gorabeherak izan ditu. Hain zuzen, gorabeherarik gustuko ez duen izate batentzat, oso egoera latza izan ohi da. Horrexegatik, aurreko bi finaletatik ongi ikasita -handi etorri zitzaion lehendabizikoa eta gorabeherek erabat gainditu zuten bigarrenean-, atzokoan nafarrak ongi kudeatu zituen gerta zitezkeen egoerak. Zirujau baten determinazioa erakutsi zuen kantxan, Javi Zabalaren dohain guztiak ezerezean utzita. Errioxarrak ez zuen partida eskasa egin; kontua izan zen nafarrak ez ziola bere jokoa ateratzen utzi.
Sendo hasi zen Zabala, agintzen. Nerbio hutsa da errioxarra, Etxeberriaren aldartearen kontrara. Nahaspilan eroso sentitzen den horietakoa, eromenean zuhur. 0-2 eta 2-4 aurreratu zen, Bizkaia pilotalekura gerturatutako milaka bizilagunen hauspoa gertu sentituta. Hala ere, Etxeberriak ongi planeatutako gidoiarekin egin zuen topo: Zenotzekoak, berandu baino lehenago, jokoa gelditu zuen 2-4koarekin, Andoni Gaskue botileroaren hitzak entzun eta gorabehera oro gerarazteko.
Geldiunetik bueltan, aurreko tantoetan jasotakoa bueltatu zion Etxeberriak Zabalari, 3-4ko gantxoarekin markagailua iraultzen hasteko. Hain berea duen patxada izan zen Zenotzekoaren hausporik onena eta, kontrara, Javi Zabalaren kriptonita.
ALDEKO PARTZIALA
Ezker horman ere katramilatu zen Zabala, Etxeberriak oso indartsu jaurtitako pilotakadetan. Tanto oso gogorrak jokatu zituzten biek ala biek -0-1ekoaren gogortasunak aurreratu zuen partidaren nondik norakoa- eta gogortasun horretan sufritzen atera zena Zabala izan zen. Dantzan ibili zuen Etxeberriak zenbait tantotan, pilotakada bakoitza determinazioz jotzen zuelako, zentzu batekin: izan errematean tanto egiteko, izan alde batera mugitu eta ondoren beste aldean amaitzeko... Gidoia goitik behera marraztu zuen Peio Etxeberriak eta gidoia errespetatzean, hazi egin zen.
14-1eko partziala ezarri zuen: 2-4tik 16-5era igarotzeko, kantxan ezin aurkituta zebilen Zabala baten frustraziorako. «Vamos, joder», entzuten zen harmailetan une oro, Errioxatik Bilbora gerturatutakoek bere herrikidearen garaipena desio zutelako. Baina Zabalaren belarrietatik kanpokoak baino barruko mezuak gailendu ziren. Bere botileroari -bere aita- ere ez zion entzun nahi izan, bigarren atsedenaldi luzera 18-9 galtzen iritsi zenean. Ur botila ere bota zuen, haserre batean.
Ez da gustagarria final batera iritsi -gainera Zabalak aurrekanporaketak gainditu behar izan zituen- eta zure onena ezin erakustea; ezin erakustea ez egun eskasa izan duzulako, baizik eta aurkaria gainetik pasa zaizulako. Etxeberriak kolore guztietako tantoak egin zituen. Ezker horman lagun on bat topatu zuen garaipena bideratzeko, baina egin zituen gantxoak -Zabala erabat behartuz eta fisikoki akitzera eramanez- edota bere-bereak dituen horma-bikoak denbora luzez gogoratzekoak izango dira.
Bi outsider iritsi ziren kaiolako final handira, finalerdietan bi faboritoak -Altuna eta Ezkurdia- kanporatu ostean. Bizkaia pilotalekuan nabaritu zen ez zirela koadroko protagonistak, jende gehien erakartzen dutenak, baina finalean Etxeberriak egindako distiraz gozatu zuten milaka lagunek. Finalera bitarteko bideaz gozatzea eskatu zion bere buruari, horraino iristeari balioa eman nahian. Seguru, behin eguna iritsita, finalaz disfrutatzeko aholkua ere eman ziola, mamuak uxatu nahian eta behin txapela buruan duela, lanean jarraitzea are eta premiazkoagoa dela sinetsita egongo dela. Peio Etxeberriaren garaipenaren arrakasta lana baita, fisikoa eta mentala.

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»
