Euskal Herriko 162 musika taldek Spotify plataforma utzi dute

Duela hilabete batzuk jakitera eman zen Daniel Ek-ek, Spotify musika plataformako nagusiak, inbertsioa egin zuela Helsing Defense armagintza enpresan. 700 milioi euro bideratu zizkion Israel Palestinan gauzatzen ari den okupazioan erabiliko ziren drone militarrak garatzeko.
162 musika taldetako 650 musikari deseroso sentitu dira beren lana eta pasioa Israelek probesten duelako eta hori ekiditeko Musikariak Palestinarekin taldea osatu zuten Spotifyri boikota egiteko eta entzuleak kontzientziatzeko.
Atzo goizean agerraldia egin zuten Nafarroako hiriburuan dagoen Katakraken, taldeak azkeneko hiru hilabeteetan jaso duen elkartasuna eta laguntza eskertzearren. Antolatzaileek azaldu zutenez, duela hiru hilabete zazpi lagun besterik ez ziren eta gaur egun 650 batu dira kausa honen alde.
Hasiera batean bi musika taldek osaturiko mugimendua hazi egin da eta bortizkeriaren kontra zabaldu nahi zuten mezua Euskal Herri osoan zehar barreiatzea lortu dute.
«Kontziente gara dimentsio horretako plataforma batean euskal musikariok apenas dugula ekonomikoki eragiteko gaitasunik. Baina egin dezakegun ekarpenik handiena boikot kolektiboa eta haren bitartez zabaltzen dugun mezua da», adierazi zuten agerraldian izan ziren bozeramaileek.
Era berean, Musikariak Palestinarekin taldeak gehitu zuen ez duela moraletik mintzatzeko asmorik, ezta batu ez diren kideei ezer aurpegiratzekorik ere. Ulertzen dutela aditzera eman eta ekimenera batu nahiko luketen gremiokideei beso zabalik hartuko zituztela jakinarazi zieten.
Antolakuntzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, entzuleei dei egin zieten Israelen indarkeria oztopatzera. Horrela, entzuleei boikotera batzeko gonbita egin zieten antolatzaileek.
Horrez gain, azkeneko mezu bat bidali nahi izan zieten entzule zein musikariei. «Jakinik Spotifyrendako ez garela inor, ez dadila ezer izan Spotify guretzat», gaineratu zuen taldeak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
