Ezkurdia Altunaren bizkartzain, faborito garbirik ez duen lehian
Ostiralean Beasainen hasi eta martxoaren 29an Navarra Arenan amaituko da. Altuna eta Ezkurdia, Etxeberria-Rezusta, Zabala-Martija eta Elordi-Zabaleta hautatu ditu Aspek eta Baikok, Laso-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena, Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz.

«Politxinelaren sekretua» deitu ohi zaio mundu guztiak aurretiaz ezagutzen duen eduki ezkutu bati. Bada, Altuna III.aren bizkartzaina 2026ko Binakako Txapelketa honetan Joseba Ezkurdia izango zela «Politxinelaren sekretu» bat zen. Zalantza ia bakarra Arbizukoaren aurrelaria Peio Etxeberria izango ote zen izan zitekeen, biak ala biak lagun minak direlako, baina azkenean Amezketako aurrelaria eta Buruz Buruko egungo txapelduna jarri dituzte Binakako Txapelketa Nagusian.
«Orekatua izango dela dirudi eta, beraz, ez naiz faborito garbi bat esaten ausartzen, baina egia da Zabaleta, Rezusta edo Mariezkurrena bezalako atzelariek markatuko dutela txapelketa honetako legea», adierazi zuen Joseba Ezkurdiak berak, jakinda sanmateoetan egindako proba baino askoz proba latzagoa datorkiola hurrengo lau hilabeteetan.
«Bosgarren koadrotik sartzea edo erreboteko zulotik aritzea oso ezberdinak dira. Airea eta antzeko armak erabili beharko ditut aurre egiteko. Lan luzea datorkigu, baina ikusiko dugu», gaineratu zuen.
HAUTAGAIAK NONAHI
Aspaldiko partez, pilota enpresek egiazko oreka bilatu dutela esan liteke. Altuna-Ezkurdiaz gain, Etxeberria-Rezusta, Zabala-Martija eta Elordi-Zabaleta hautatu ditu Aspek, eta Baikok, berriz, Laso-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena, Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz bikoteak. Inor gutxi ausartu da faborito garbirik ematen, eta eman duen bakarrenetakoa, Iker Larrazabal debutaria, Jaka-Iztuetaren alde mintzatu da, batez ere atzelari tolosarrak azkenaldian egin duen gorakadagatik.
Ostiral honetan Beasainen, 20.45ean hasiko den jaialdian abiatuko da Binakako Txapelketa: Elordi-Zabaleta eta Zabala-Martija, hain zuzen. 2023an Elordi eta Zabaleta Binakako Txapeldun atera ziren, baina inor gutxi oroitu zen aurkezpen egun honetan Etxarrengo atzelariarekin. Atzelari nafarra eta Mallabiko aurrelariak armak zorroztuko dituzte Binakako Txapelketa honetan debuta egingo duen Zabala eta hiru final jokatu eta bi txapela jantzi dituen Martijarekin.
Larunbatean Logroñon, Altunak eta Ezkurdiak debuta egingo dute Peio Etxeberria eta Beñat Rezustaren aurka. «Ondo prest gaude eta Peio konfiantzaz gainezka dator Lau eta Erdikoa irabazi ondoren», esan zuen Beñat Rezustak, Binakako iazko txapeldunak, Joseba Ezkurdiarekin batera finalean Artola eta Mariezkurrena 22-20 menderatu ostean.
Igandean Aoitzen Jaka-Iztueta eta Larrazabal-Mariezkurrena neurtuko dira. «Andre Mari Zuriaren Torneoan ederki moldatu ginen eta iazko Txapelketa Nagusian ere partida pare bat jokatu genituen. Oso pozik nago berriro ‘Mariezku’ atzean izanda. Udan sarri jokatu dugu eta ondo moldatzen gara», onartu zuen Larrazabal debutariak.
Astelehenean Tolosan amaituko da aurreneko jardunaldia; Artola-Imaz, alde batetik, eta Laso-Albisu, bestetik. «Iaz Mariezkurrenarekin ia-ia txapela ere eraman genuen. Imaz beste mota bateko atzelaria da, baina urruti irits gaitezkeela uste dut», adierazi zuen Artolak.
Azken urteetako formatu berberaz, martxoaren 29an Nafarroa Arenan izango da final handia, bikote txapeldun berri batekin.
Bikote bakoitza, laburrean
Altuna III.a-Ezkurdia Ezkurdia atzean moldatuko ote da? Hortxe dago koxka. Sanmateoetan ondo konpondu ziren, baina lau hilabeteok luze egin dakizkioke Arbizukoari. Baina eusten badio, erne! Monika DEL VALLE FOKU
Laso-Albisu Belauneko ebakuntzaren ondoren, gogotsu dago Laso, eta jokoa hartzen joango da. Albisuk 35 urte ditu; bere aurrelaria egokitu artean eusteko gai bada, emango dute zeresanik. O. MATXIN - G. RUBIO FOKU
P. Etxeberria-Rezusta Arnasa luzeko bikotea, eta ezkerraz denak airean ateratzeko modukoa. Etxeberria berriz ere binaka jokatzera arin jartzen bada, burdinazko bikotea osa dezakete. A. LOIOLA - I. URIZ FOKU
Larrazabal-Mariezkurrena II.a Udan ikusi zen elkarrekin gauza handiak egin ditzaketela. Mariezkurrenak osasunik badu, Larrazabalen freskotasuna gehiago antzemango da. J. FONTANEDA - I. URIZ FOKU
Zabala-Martija Martija lehiakorra da, ezer baldin bada, eta Javi Zabala, ausarta. Ez daude faboritoen artean, baina partida bakarrera inork gutxik nahiko lituzke aurrean. Ea Zabalaren esku horiek... O. MATXIN - A. LOIOLA FOKU
Jaka-Iztueta Iztuetak astindu eta Jakak errematatu; esateko erraza bezain zaila egiteko. Baina Tolosako atzelariak egin duen gorakadaz, batzuek gutxienez finalerdietan ikusten dituzte dagoeneko. I. ZABALETA - J. URBE FOKU
Elordi-Zabaleta 2023ko txapeldunak izan ziren eta iaz ere bikotea osatu zuten, beren mailaz behetik aritu arren. Zergatik aipatzen ditugu hain gutxi Mallabikoa eta etxarrendarra? J. MANTEROLA - O. MATXIN FOKU
Artola-Imaz Bakoitzak bere aldetik, binaka txapeldunorde izatea zer den badaki. Ez dute lehenengoz elkarrekin jokatuko, baina atzoko promesak gaur errealitate bihurtzeko aukera dute. M. DEL VALLE - O. MATXIN FOKU

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
