GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA

A-tik Z-raino definitu ditu emozioak «harrizko bihotzik» gabeko Karmele Jaiok

Min eta zaurietatik babesteko «harrizko bihotza» izatea hobe zela esaten zion amonak Karmele Jaiori. Kontrako norabidean idazten du berak. Eta emozioei hitzak jarriz ondu du «Harrizko bihotza», A-tik Z-ra ordenatuta, gertaera, oroitzapen eta iritzien definizio intimoak bildu ditu bere lan berrian. Munduari begiratzeko modu eta kokaleku propio eta intimoa proposatu du gasteiztarrak.

Modu librean idatzitako testuz osatua dago Karmele Jaioren liburu berria.
Modu librean idatzitako testuz osatua dago Karmele Jaioren liburu berria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ipuin idazle gisa ezagun genezakeen Karmele Jaio. Hala deritzo Xabier Mendiguren editoreak. Asteazken honetan Donostiako Elkar aretoan aurkeztu dute gasteiztarraren liburu berria, “Harrizko Bihotza”. Antzerkirako eta zinerako idatzi duen arren bai eta poesia ere, ipuin eta eleberriak idazten arituagoa da Jaio. Ez ipuin ez eleberri, beste zerbait da “Harrizko Bihotza. Taupaden alfabeto bat”. Urteak egin ditu idazten eta argitaratzen eta honezkero, forma berriekin jolasteko eta «nahi dudana idazteko eskubidea» irabazia duela uste du Jaiok. Zalantzarik ez zuen egin Xabier Mendigurenek.

«Amunaren» esanak bizitza osoan jarraitu dio idazle gasteiztarrari. Hark esaten baitzion hobe zela «harrizko bihotz bat izatea. Gehiegi ez sentitzeko, babestuago egoteko zauri eta minetatik». Nahi eta ezina. «Nire 55 urteetan ezinezkoa izan da harrizko bihotz bat izatea». Bestelakoa baita bere jokamoldea. Bizi dituen egoerek, ikusten dituen gauzek emozioak sentiarazten dizkiote Jaiori, halabeharrez. Emozioak «pizten» zaizkionean beharra sentitzen du horiek kontatu eta idazteko.

Egoera horien itzulpen literarioen bilduma da “Harrizko bihotza”. Ikusi, oroitu edo pentsatu dituen elementuekin idatzitako pasarte laburrek osatzen dute.

Jada 21 urte pasa dira bere lehen argitalpenetik eta idazleak azaldu zuen horixe izan dela bere ibilbideko «konstantea», emozioen inguruan hitz egitea. “Harrizko bihotza”-n hitzak dira protagonista eta horregatik hiztegi itxura hartu du liburuak, nahiz eta aitortu duen ez zela hasieratik pentsatua zuen zerbait.

Orden alfabetikoan zerrendaturik daude hitzak. Eta horien segidan daude hitz bakoitzari Jaiok esleitu dien definizio antzekoa. Gasteiztarrak azaldu zuen denok jotzen dugula hiztegietara definizio baten bila zerbait ulertu nahian. «Iruditzen zait, modu berean, ulertzen ez dugun errealitate baten aurrean, idazten dugula erantzun bat topatzeko, definizio baten bila», azaldu zuen.

Testu labur zein luzeagoak bildu ditu. Iritzi artikuluak izandakoak eta moldatutakoak asko, beste batzuk olerkitik prosara ekarritakoak. «Idazle baten koadernoan aurkitu ditzakezun gauzak daude. Apunteak, oroitzapenak, iritziak hausnarketak...». Horietako asko aurrez idatziak zituen, beraz. Hala ere, badira espresuki liburu honetarako sortutakoak. Gaiak ere, ondorioz, askotarikoak dira.

DEFINIZIO INTIMOAK, MUNDUARI BEGIRATZEKO

Abiapuntua askotan esperientzia pertsonalak izan arren, ez dira kontakizun partikularrak. Gaien trataeran alderdi intimo edo indibidual hori perspektiba sozial batekin uztartu duela deritzo. Eta ariketa horretan bere buruaren erretratu fidel bat lortu duela uste du. «Agian beste liburuetan edo fikzio hutsean baino ageriago agertzen naizela uste dut».

Askatasun osoa sentitu du idaztean. «Markorik gabe, jolasean» ibili da. Horregatik, modu berean irakurriak izateko deia egin du gasteiztarrak. Kolpe bakarrean edo hainbatetan, ordenan edo ez. Nahieran.