Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
CIUDAD SIN SUEÑO

Hiriaren itzalean ezkutatutako komunitatea

Filma fikziozkoa bada ere, “Ciudad sin sueño” lanaren hezurdura benetako materialez josia dago: aktore ez-profesionalek parte hartzen dute, benetako eszenatokietan girotuta dago eta arazo zehatzak ditu ardatz. Nahasketa horrek egiazkotasun indartsua ematen dio obrari.

Toni, 15 urteko ijitoa, da protagonista, Madrilgo Cañada Realen bizi den gaztea. Txabolak eraitsiko dituztela dioten zurrumurruak zabaltzen direnean eta familiei ostatu alternatiboak eskaintzeko gizarte-zerbitzuen presioa handitzen denean, Toni zalantzan hasiko da: bere sustraiekiko leialtasunaren eta aldaketa eskatzen duen etorkizun baten premia itogarriaren artean harrapatuta geratuko da.

Gaztearen eta aitonaren arteko harremana da kontakizunari mamia ematen dion ardatz afektiboa. Bien artean tradizioaren eta biziraupenaren arteko lehia zabaltzen da. Inguruan, komunitatea konplexutasunez agertzen da: emigrazioak zapaldutako adiskidetasunak, alde egiteko ideiaren aurrean banatutako familiak, itxaropen galduak, eta abar. Gidoia era sotilean eta oso ongi josia dago, salaketa soziala eta kontakizun intimoa maisutasunez uztartuta.

Zinema sozialaren moldean eraikia bada ere, tonu berezi eta ezohiko batean mintzo da. Hasieratik baztertzen du komunitatearen begirada paternalista eta saihesten ditu genero bereko drametan ohikoak diren eszena negar-eragile merkeak.

Lirismo bisualaren arrastoak nabari dira: kolore-filtroz jantzitako irudiak -nerabeen mugikorretako uneak-, lurraldea western moderno gisa erakusten duten panoramikak, eta hondamenaren eta argitasunaren arteko kontraste bizia duten eszenak.

Opera prima boteretsua, ausarta eta delikatua da; salaketa egiteko gai da, sermoirik bota gabe eta hunkitzeko manipulaziorik erabili gabe.