Hasiera bikaina eman diote Binakako Txapelketari Altunak eta Ezkurdiak
Duela bi hilabete San Mateo Torneoko finalera iristeko erakutsi zuten sendotasunaren bidetik, bikote bikaina osatu dute bi aurrelariek eta erabat nagusitu zaizkie Peio Etxeberria eta Rezustari, non eta Logroñoko Adarraga pilotalekuan, hain justu ere.

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak sekulako erakustaldia emanda eskuratu zuten atzo lehen puntua Binakako Txapelketan. Duela bi hilabete San Mateo Torneoan erakutsi zuten sendotasunaren bidetik -ez zuten garaipena lortu baina partida gogoangarriak jokatu zituzten-, bikote ederra osatu zuten bi aurrelariek eta ezerezean utzi zituzten Peio Etxeberria eta Rezusta, hain justu ere Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Lau eta Erdiko txapeldunak ez zuen bere maila eman eta oso galtzaile aritu zen beretzat errazena ere ez zen neurketan.
Norgehiagokak ez zuen misterio handirik izan. Gorriak oso indartsu irten ziren hasieratik; hala, 16-0 aurreratu eta sekulako partziala sinatu zuten. Joseba Ezkurdiak presio handia sartzen zien aurkariei bere bolearekin, eta aurreko zulo horretan Jokin Altuna erabat nagusitu zitzaion Peio Etxeberriari. Amezketarrari dena ongi atera zitzaion -tantoak atzean, gantxoz, horma-bikoarekin...-; Etxeberria, aldiz, oso oker aritu zen, askotan presaka eta burua galduta.
Jendetza batu zen Adarragan, sekulako giroa zegoen larunbat arratsaldea izaki, eta pena zen jaialdiko partida nagusiak emozio handiagorik ez izatea. Agian horregatik, urdinek lehen tantoa egin zutenean frontoia lehertu egin zen, «sí, se puede» («bai, ahal da») oihuka.
Urdinen lehen tanto hori Peio Etxeberriak egin zuen, lehenik tantoa aurrean nahastu eta gero pilota atzera jota. Beste lau ere egin zituzten, jarraian, 16-5eko emaitzara heltzeko. Ez zituzten gehiago egingo, baina bost horietatik lau ederrak izan ziren: Rezustak pilota zail bat harrapatu eta dejadarekin erantzunez 16-2koa, Etxeberriak paretan txost batekin 16-3koa eta 16-5eko azken horretan nafarrak ezkerraz horma-biko bikaina sartu zion Altunari. Bestea Ezkurdiak galdua izan zen.
Baina hortxe amaitu zen erreakzio apal hori. Etxeberriak ezkerraz egindako huts bati esker berreskuratu zuten sakea gorriek eta berriz ere zuzenean hanka egin zuten 22ra. Azken txanpa horretan ere ikustekoak izan ziren Altunaren horma-biko eta dejadak.
Azkenean, 42 minutu eskaseko neurketan Altunak 13 tanto izan zituen eginak, 11 jokoan eta beste 2 sakez, galdutako alerik gabe; eta txanponaren beste aldean, Peio Etxeberriak 7 galdutako pilatu zituen, eta 3 soilik egin.
«Pozik nago. Garrantzitsua zen guretzat bikote bezala sentsazio onekin ekitea txapelketari eta uste dut lortu dugula», aitortu zuen atzelari lanetan jarri duten Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran. «Ezin da ondorio askorik atera partida honetatik, beraiek ez dutelako beren egun onena izan. Peiorentzat ez zen aste erraza, txapela irabazi ostean egun arraroak izaten direlako, baina puntua lortu dugu eta hori da balio duena», gehitu zuen arbizuarrak. Datorren astean Zabaleta izango du aurkari, beste erronka zail bat.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
