GARA
OION

Labrazako parke eolikoa «berehala geldiarazteko», elkartasun eguna deitu dute

Labrazako kontzejuak eta lurraren defentsarako plataformek inguru horretan eraikitzekoa den parke eolikoaren proiektua «berehala geldiarazteko» exijitu eta abenduaren 13rako elkartasun egunera deitu dute. Plataformek haize-erroten egitasmo horren aurka jarritako errekurtsoak ebazpen judizialaren zain daude.

Labrazako kontzejuak eta Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik plataformek agerraldi publikoa egin zuten atzo: Labrazako “arkuan” herrian eraiki nahi duten parke eolikoaren inguruan izan diren azken aurrerapen administratiboak salatu zituzten. Oiongo Udalari «bere erantzukizuna hartu» eta proiektuarekin lotutako «jarduera oro berehala geldiarazteko» eskatu diote.

Proiektuak bizilagunen bizimodu eta bizi kalitatea «arrisku larrian» jartzen dituela ohartarazi zuten; «zarata etengabe eta itzal kliskatzaileen efektuaren» kaltea nabarmendu zuten, eta Aixeindar SAk (Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako sozietateak) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktua ere salatu zuten: «Baso-soiltze nabarmena, hegaztientzako kalteak eta paisaiaren zein inguruko ekosistemen aldaketa itzulezina eragingo ditu».

INTERES PRIBATUAK

Deitzaileen esanetan, proiektuaren atzean «oligopolio energetikoaren interes pribatuak» daude, plangintza arduratsu bat egon beharrean. Bereziki EH Bilduk Oiongo alkatetzan izandako jarduna azpimarratu zuten. Alderdiari aurpegiratu zioten hasierako aurkako jarrera aldatu izana «orain, tramitazioa errazteko, EAJren eta PPren babesarekin».

Plataformek gogorarazi zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak tramitera onartu dituela aurretiazko administrazio-baimenaren eta plan bereziaren aurka jarritako errekurtsoak.

Gauzak hala, «herritarren eta eragile sozialen aurkakotasuna irmo» mantentzen dela esan zuten eta abenduaren 13an Labrazan elkartasun eguna egingo dutela eta hainbat jarduera izango direla. «Lurraren defentsarako» herritarrei babesa eta parte hartzea eskatu zieten.