«Haurdunaldi oharrak», haurdunari begira dagoen ahizparen begietatik
1991n argitaratu zuen Yoko Ogawak orain euskaraz datorren «Haurdunaldi oharrak» (Igela). Haurdun dagoen bere ahizpari begira dabilen gaztearen begiek irakurtzen duten errealitatea islatzen da bertan, eguneroko forman. Iker Alvarezek ekarri du euskarara.

Iker Alvarez iruindarrak ekarri du euskarara Yoko Ogawaren “Haurdunaldi oharrak” eleberria. 1991n idatzia, idazle japoniarraren lehen obretako bat da, dozenaka hizkuntzatara itzulia izan dena eta, orain, Igelaren ekimenez, euskarara ere iritsi dena.
Eleberria Donostian aurkeztu zuten Iker Alvarez itzultzaileak eta Ereineko editore Inazio Mujika Iraolak. Azken horrek hartu zuen hitza lehenik, Ogawaren literatura jardunaren zertzelada batzuk emateko. Yoko Ogawak (1962, Okayama) literaturan 1988an debutatu zuela ekarri zuen gogora; kritika bikainak eskuratu zituen “Tximeletaren deuseztatzea” lanarekin. «Haren prosa zehatza da, adornorik gabea, biluzia. Atmosferak oso ondo birsortzen dituen idazlea da», nabarmendu zuen. Eguneroko xehetasunak «tresna literario» bilakatzeko gaitasuna duela azpimarratu zuen, eta egile japoniarraren gai fetitxeak intimitatea, oroimena, gorputza eta isiltasunak direla ere aipatu zuen.
Are gehiago “Hardunaldi oharrak” eleberrian. 1991n idatzitako lan honetan, tituluak adierazten duen bezala, haurdunaldi baten istorioa kontatzen da. Baina badu berezitasun bat: ez da haurduna bere esperientzia kontatuko diguna; izan ere, kanpotik, begira dabilen ahizpa gaztearen begietatik, jasoko du irakurleak gertatzen ari denaren informazioa. Mujikak aurreratu zuenez, «alde ilun eta ez batere idealizatua» dakar Ogawak: «Narratiba zoriontsua erabat alde batera utzia dago Ogawaren kasuan: goragaleak daude, nazkak, obsesioak, ezinegonak... eguneroko bat idazten ari da eta eguneroko gauzak kontatzen ditu». Kontakizuna «geldoa» bada ere, bukaeran «sorpresa bat» dagoela ere iragarri zuen editoreak; bere hitzetan, irakurlea «aurretik irakurritako istorio guztia berrinterpretatzera» daramana.
Nobela honekin Ogawak Japoniako sari literario nagusia eskuratu zuela nabarmenduz hasi zuen bere hitzartzea Alvarezek. 28 urterekin eta horrelako istorio batekin emakume idazle batek halako sari bat eskuratzeak ospea eta eztabaida ekarri zituela oroitarazi zuen, «ez baitzen interpretatzen jakin edo ez zen ohikoa halako nobela batek horrelako saria lortzea».
Eleberria «irakurterraza» eta laburra (79 orrialde ditu) dela esan zuen, bat edo bi egunetan hasi eta buka irakur daitekeena. Itzultzailearen iritziz, obraren berezitasun nabarmenena tituluan bertan dago: «Munduko izenbururik literalena dela uste dut, benetan haurdunaldi ohar batzuk direlako, eta horrela irakurri behar dira», ohartarazi zuen.
Amatasunaren gaineko literatura aro oparoan den garaiotan, eleberri honek haurdunaldiari trantsizio garai bezala begiratzen diola azpimarratu zuen, eta, era berean, begirada originala proposatzen duela: ez haurdun dagoenarena, baizik eta haurdunari begiratzen dioenarena.
«Ahizpa nagusiari begiratzen dio eta ez du ama bat ikusten; senarrari begiratzen dio eta ez du aita bat ikusten; sabelari begiratzen dio eta ez du ume bat ikusten. Hutsune asko dago begirada horretan eta hutsune horren gainean eratuz doa narrazio propio bat, suposizioak sortzen hasten da», aurreratu zuen Alvarezek. «Askotan korridore ilun batetik eramaten zaituela ematen du eta urduri zoaz, baina nora goaz? zer esaten ari da? zergatik?» galdegiten duela irakurleak esan zuen.
ESAN GABE DOAZENAK
Narratzaileak esaten dituenak bezainbesteko garrantzia du esaten ez dituenak, «bere buruari isiltzen» dizkion horiek. «Eszena bat deskribatzen digu, ez dakigu zergatik, baina osteko pasarteak irakurtzean hasten zara pentsatzen ‘ez ote da esaten ari hau edo bestea?’. Eta hor dago liburuaren muina», azaldu zuen.
Itzulpen prozesuaz ere egin zituen hitz batzuk, «berezia» izan zela esan zuen: «Lehen pasaldia nahiko erraza izan zen, baina deskribapen horiek, giroak, eskatzen dizu doitasun bat hitz ordenarekin, ze ez baduzu efektu hori lortzen nobelak indarra galtzen du, eta hori lantzen zenbat pasaldi egin nituen. Zizelka ibili ginen hau eta bestea doitzen», amaitu zuen.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
