Rodriguez: «Faxismoaren aurka konpromisoak hartzeko unea da»
Larunbateko mobilizazioaren ostean, «oso pozik» agertu zen atzo EH Bilduko kide Arkaitz Rodriguez eta faxismoaren aurka konpromisoa hartzeko deia egin zien gainerako indarrei. Aitor Estebanek «egiazko antifaxismoaren baloreak» dituen alderdia EAJ dela esan zuen.

«Faxismoaren aurka» konpromisoa hartzeko deia egin zien atzo Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariak gainontzeko indar politikoei, eta gaineratu zuen larunbatean Bilbon egindako mobilizazioa «arrakastatsua» izan zela eta beste behin erakutsi duela herriak «herrialde mobilizatua, konprometitua eta balio antifaxista sakonak» dituena dela.
Egungo «une historikoa» aipatuta, hau ohartarazi zuen: «PP-Vox aliantza zorionez txikia da herri honetan, eta ez litzaioke protagonismo zirrikiturik utzi behar, ez eta botere kuotarik ere». Era berean, aitortu zuen kezkatuta daudela EAJk eta PSEk PPrekin akordioak nola lortzen dituzten ikusita, Arartekoaren izendapenari erreferentzia eginez.
«Herri honek ez du horrelakorik merezi, egiten dituzten itunak agindu demokratikoaren eta herri honetako balio hegemonikoen aurkakoak dira», esan zuen.
Ildo horretan, EH Bilduk «beharrezkoak diren konpromisoak» hartuko dituela berretsi zuen, «faxismoak, bloke erreakzionario horrek, botererik lor ez dezan». Koalizio independentista «bermea eta topagunea da faxismoaren jomugan dauden pertsona guztientzat: abertzaleentzat, euskaltzaleentzat eta feministentzat», esanez amaitu zuen.
EAJ, «TRESNARIK ERABILGARRIENA»
«EAJk benetako antifaxismoa ordezkatzen» duela esan zuen EEBko buru Aitor Estebanek Sukarrietan egindako ekitaldi politikoan, Sabino Arana hil zela 122 urte bete direla-eta egindako ekitaldian.
«Benetako antifaxismoa faxismoaren arma berberak erabiltzen ez dituena da; indarkeria, hertsapena eta beldurra erabiltzen ez dituena», esan zuen Estebanek EAJri erreferentzia eginez. Eta EH Bilduri zuzendu zitzaion ondoren, ohi bezala haren jarrerak kritikatzeko, Manuel Irujo jeltzalearen esaldi bat erabiliz: «Los conversos, a la cola».
«Horren guztiaren ikurra Av. Marceauko egoitza da, aurten berreskuratua, Estatuaren erresistentzia guztiak garaituz. Beraz, gaur, hemen, faxismoaren aurkako borroka eta alderdi honen demokraziaren defentsa aldarrikatzen ditugu, eta konpromiso hori ez da erretorikoa: oinarri etiko horren gainean altxatu da bizi dugun Euskadi demokratikoa», adierazi zuen.
«Badira inoiz aldatuko ez diren gauzak. Lehena: Euskal Herria nazio bat da; bigarrena: euskal nazioa Pirinioen bi aldeetan dago; hirugarrena, euskal nazioak bere burua gobernatzeko eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta borondatea du; eta laugarrena: EAJ, Sabino Aranak sortutako alderdia, ideal horien alde lan egiteko tresnarik erabilgarriena da, eta ez du inoiz etsi behar. Inoiz ez!», nabarmendu zuen.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
