EH Bilduk Gipuzkoan 52,3 milioiko proposamena aurkeztu du
Zaintza, ekonomia sustapena, euskara, mugikortasuna, trantsizio energetikoa, gertuko elikadura eta etxebizitza; horietan guztietan ikusmira jarriz, 52,3 milioi euroko proposamen integrala aurkeztu zuen EH Bilduk Gipuzkoako aurrekontuetan.

EH Bilduk 52,3 milioi euroko proposamen integrala aurkeztu zuen Gipuzkoako aurrekontuetan, «behar dituen herri akordioen oinarria jartzeko». Zaintza, ekonomia sustapena, euskara, mugikortasuna, trantsizio energetikoa, gertuko elikadura eta etxebizitza dira ezker subiranistak aurkeztutako dokumentuaren lehentasunezko ardatzak.
«Azken bost hauteskunde deialdietan Gipuzkoako lehen indar politikoa izateak ematen duen arduratik abiatuta» aurkeztu zuen EH Bilduk proposamen hau.
Ildo horretan, «herri akordioak bilatzeko unea» dela dio koalizioak, «eta ez aritmetika hutsera mugatutako indar politiko atzerakoien edo erresidualen eskutik norabiderik gabeko urratsak egiteko».
Guztira 52,32 milioi euro aurreikusten ditu proposamenak. «Helburua argia da: politika publikoetan jauzi kualitatiboa ematea eta lurraldearen erronka nagusien aurrean neurri eraginkorrak hartzea». Zaintza, ekonomia sustapena, euskara, mugikortasuna, trantsizio energetikoa, gertuko elikadura eta etxebizitza arloak zerrendatu ditu ardatz gisa.
ZAINTZA, EKONOMIA, HIZKUNTZA
Zaintzari lotuta, 24 milioi euroko neurri sorta jarri zuen mahai gainean EH Bilduk, «zaintza zerbitzu publikoen unibertsaltasuna eta sektoretik irabazi asmoa ezabatzea helburu hartuta». Horretarako, zaintza zerbitzuen koordainketa murriztea eta unibertsaltasunerako bidea zabaltzea» proposatu zuen, «mendekotasun balorazio epea hilabetera jaistea eta prozesua Aldundiak bere gain hartzea», «etxez etxeko zerbitzuaren indartzea udalentzako funts berezi baten bidez» eta «egoitzetako zaintzaileen lan-baldintzak duintzea eta lan hitzarmenen adostasun zabalagoa bilatzea».
Bestetik, ekonomia sustatzeko 4,2 milioi euroko proposamena jasotzen du dokumentuak. Helburua, «enpresa txiki, ertain eta autonomoak laguntzea, berrikuntza eta tokiko ezagutza uztartzea ezinbestekoa den unean».
Horretarako, enpresa txiki eta ertainei akonpainamendu publikoa bermatzea, I+G+B politiketan jauzia ematea eta talentuaren errotzea indartzea eta eskualdeetako garapen agentziak sendotzea jarri ditu ikusmiran.
Hizkuntza politikan «jauzi bat» emateko beharra ere nabarmendu zuen EH Bilduk, horretara 2,12 milioi bideratuz. Bi alor estrategiko proposatu ditu: haurren aisia eta etorri berrien arreta. Bai eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari dirulaguntza handitzea ere, «gure lurraldean arnasguneek duten garrantzia kontuan izanik».

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
