«Epaileek euskarari mugak jarriz gero, beste bide batzuk landuko ditugu»
Lanpostuetarako hizkuntza eskakizunen bueltan ateratako epaiak ikusirik, «moldatu» egin behar izan dira lan deialdiak «halabeharrez». Hala adierazi zuen atzo NAIZ Irratian Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak: «Bestela, postu horiek hutsik geratuko lirateke». Aurrekontuez, AHTaz, CAFez... ere mintzatu zen elkarrizketan.

Lan eskaintza publikoen deialdietan euskara eskakizunen kontrako sententzia ugari iritsi dira azken hilabeteotan. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak atzo NAIZ Irratian esan zuen halabeharrez moldatu behar izan dituztela eskakizunak, lanpostu asko hutsik geratzeko arriskua zegoelako, «eta horrek suposatuko luke Gipuzkoako Aldundia aurkituko zela kolapso egoera batean».
Bide berri bat babestu zuen, eta, esan duenez, euskara eskakizunaren kontrako sententzia egon den postua lortu dutenek epe bat izango dute profila atera eta plazaren jabe izateko. «Momentu honetan negoziaketan ari gara ikusteko prozesu hori nola egin», ohartarazi zuen, «arduraz jarduten» dutela nabarmenduz: «Ez zegoen biderik epaitegietan, pareta baten kontra jotzen ari ginen, ezin genuen kolapsora eraman erakundea, baina guk helburuari eusten diogu».
«Sekulako ahalegina egin da; ez bakarrik Gipuzkoako Foru Aldundiak, bai eta gizarteak berak eta euskalgintzak ere. Ezin dugu atzerapausorik egin inondik inora. Epaitegietan mugak jartzen badizkigute, helburuari eutsi eta beste bide batzuk hartuko ditugu helburu horretara iristeko».
MIKEL ZABALZA, EGIA ZOR
Donostian bizi zen Mikel Zabalza orbaizetarra Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuenean. Urtemuga hori dela eta Mendozak «egia jakitearen beharra» aldarrikatu zuen, bai oraingo zein ondorengo belaunaldientzat. Izan diren sufrimendu guztiak aitortu behar direla adierazi zuen eta Mikel Zabalza horren «adibide garbia» dela uste du.
«Oso berandu gabiltza, tamalez» esan du. «Lehenbailehen Sekretu Ofizialen Legea aldatu beharko da guztioi zor zaigun egia hori ezagut dadin. Esparru asko eta askotan», gehitu zuen.
AURREKONTUEN NEGOZIAZIOA
Batzar Nagusietan ez du gehiengoa EAJren eta PSEren gobernu taldeak eta aurrekontu berriak nahi baditu beste talderen baten babesa beharko du. Iaz PPren babesa izan zuten, baina momentuz ez dio inori erreferentziarik egin Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Negoziazioak lehenago hasi zirela jakinarazi zuen atzo eta errelatoaren momentua dela azpimarratu zuen. «Guk aurrekontu proiektu sendo bat aurkeztu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aurrekontu hauekin helburu nagusia da gizarte zerbitzuetan gero eta jende gehiago hobeto artatzea denbora luzeagoan. Horrek inbertsio handiak eskatzen ditu eta inbertsio horiek bermatzen ditugu», erantzun zuen.
Testuak trukatu eta aztertzeko fasean daudela esan zuen Mendozak eta ez dutela inor baztertuko. Baina, berak aitortu zuenez, «testuinguru politikoak ere asko baldintzatzen du negoziazioa». «Guk eskaini dieguna da proiektu sendo bat, aukera dute proiektu sendo hori ere hobetzeko edo beraien ekarpenak egiteko eta bidea elkarrekin egiteko, horixe da gure proposamena».
Egutegiari dagokionez, zuzenketak aurkezteko epea bihar bukatzen dela adierazi zuen. «Guk talde politikoei esan dieguna da azken momentura arte denbora dagoela negoziatzeko, baina guri ez zaigu gustatzen horrela aritzea», esan zuen, bai eta negoziazioa «lehenbailehen» itxi nahiko luketela ere.
AHT ETA CAF
Azpiegiturei buruz ere galdetu zioten. Mendozak AHT «funtsezkoa dela» adierazi zuen, eta martxan ez egotea «arduragabekeria ikaragarria» dela . «Urte askotako atzerapena daukagu eta atzerapen horrek kalte egiten dio gure lehiakortasunari. Eta kalte egiten dio deskarbonizazio prozesuari, alegia, ibilgailuak errepideetatik ateratzeari».
Iruñeko lotunearen kontuan, Ezkio-Itsasoko aukera babestu zuen. «Hasiera-hasieratik hori izan zen apustua, eta logika guztia du. Baina orain Espainiako Gobernuari presa sartu zaio hainbeste urte eta gero eta azkar egin nahi ditu kontuak, baina guk ondo egitea nahi dugu», gehitu zuen.
Amaitzeko, Beasaingo CAF enpresak Jerusalemgo trena egiteko sinatutako akordioaz hitz egin zuen. «Inolaz ez dut onartuko Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun nagusi gisa genozidio baten ardura edo halako motxila bat egoztea ez erakunde publiko bati, ez unibertsitate publiko bati, ezta enpresa bati edo enpresa horretako langileei ere, oso arriskutsua iruditzen zaidalako».

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
