Abenduaren 4an hustuko dute Martuteneko institutu zaharra
Martuteneko institutu zaharrean egoera txarrean bizi diren 111 lagunak abenduaren 4an kaleratuko dituztela salatu dute talde ugarik. Erakundeak kritikatu dituzte «sektore atzerakoien presioei men egin» eta ez dutelako pertsona hauei laguntzeko ezer egin.

Abenduaren 4an Martuteneko Agustindarren institutu zaharrean egoera txarrean bizi diren 111 lagunak kaleratuko dituztela salatu zuten atzo Donostiako auzoan egindako agerraldian Harrera Sareak, Kaleko Afari Solidarioak taldeak, Etxebizitza Sindikatuak eta beste zenbait eragilek.
Bertan azaldu zutenez, hasiera batean otsailerako iragarrita zegoen kaleratzea, baina ustekabean aurreratu egin dute. «Ondorioz, pertsona hauei hilabete baino gutxiago utzi zaie lo egiteko beste leku bat aurkitzeko; eta are eta larriagoa egiten du egoera negua iristear egoteak», adierazi zuten.
Martuteneko eskolan bizi badira «hona iristean Atzerritartasun Legeak ezartzen dizkien oztopoekin topo egin dutelako» dela gaineratu zuten. Izan ere, lege horrek bi urte egoera irregularrean bizitzera behartzen ditu, oinarrizko bizi baldintzak bermatu gabe, etxebizitzarako aukerarik gabe, lan-baimenik gabe eta diru sarrerarik gabe.
ALTERNATIBARIK GABE
Elkarteek salatu zutenez, Donostiak eskaintzen dien gauza bakarra hilean behin bost gau aterpe batean pasatzea da. Hori dela eta, kalean bizitzera behartuta daude, eta polizien jazarpena sufritzera. Bitartean, La Sirena udal aterpea -ehun plazakoa- hutsik dagoela salatu dute.
Donostiako Harrera Sareak Martuteneko institutu ohian 111 lagun bizi direla baieztatu du egun hauetan. Askok hilabeteak daramatzate bertan. Batzuek, bi urte baino gehiago. Donostian oro har kale-egoeran biziraun behar duten pertsonen kopurua 500dik gorakoa dela gaineratu dute.
«Izen-abizenak dituzten 20-40 urte bitarteko pertsonak dira, Afrika iparraldeko herrialde ezberdinetatik etorritakoak, bakoitza bere historiarekin, Donostiara bizitza-proiektu batekin eta etorkizuna hemen eraikitzeko itxaropenarekin iritsi direnak», azaldu zuten.
Gauzak horrela, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Lakuako Gobernuak ez dutela pertsona hauen egoera konpontzeko ezer egin salatu zuten agerraldian taldeek. «Kontrara, sektore atzerakoienen presioari men egin diote, eta kalean gera ez daitezen baliabideak bideratu beharrean, indarrez kanporatzea erabaki dute. Zerbitzu sozialen eta giza eskubideen bidea hartu beharrean, poliziara jo dute eskolan bizi diren pertsonak babesik gabe utzita», nabarmendu zuten.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
