Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
NEREA EIZAGIRRE
Realeko kapitaina

«Nahiago dut kritikak nik jasotzea beste edozein taldekidek baino»

Europarako txartela, Kopa titulua, beste hiru final... Une txarrak ere baditu gogoan, baina, igoera izan ezik, Nerea Eizagirrek (Tolosa, 2000) Realaren arrakasta handi guztietan parte hartu du. Elastiko txuri-urdinarekin hamargarren denboraldia ospatzeko, Txapeldunen Liga jokatzeko sailkapena errepikatzeko ilusioa bizi-bizirik du.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Amaitu berri den asteburu luze honen aurretik hartu gaitu Nerea Eizagirrek. «Gogoz» hartu dute Realeko futbolariek atsedena, egindako esfortzua nabaritzen delako eta «familiarekin egoteko aukerak eskertzen» direlako. Orain arte egindakoagatik «poztasuna» eta «hobetzeko eta gauza asko ondo egin ditzakegula erakusteko ilusioa» ere ez zaizkie falta jokalariei. Hurrengo aukera larunbatean izango dute Valdebebasen, Real Madrilen aurka.

Hamabi jardunaldi eta bigarren postuan da Reala. Ustekabea da?

Lasai gaude eta egon gara hasieratik. Nik uste dut Reala goian egon behar den taldea dela, baina ez duela Bartzelonak, Real Madrilek edo Atleticok duten presio hori. Horiek aurreko hiru postuetan geratu “beharra” dute eta guk gure lana egiten jarraitu behar dugu eta ikusiko dugu denboraldi amaieran non gauden. Egia da proiektu polita daukagula eta taldea oso ondo aritu dela... eta ikusiko dugu guztion lanarekin non amaitzen dugun.

Esan daiteke Europa ilusioa dela helburua baino gehiago?

Ilusioa da gehienbat; eta helburua, ahalik eta gorenen egotea. Uste dut Reala beti ahalik eta gorenen egon behar duen taldea dela. Dugun plantillak horra eramaten gaitu: etxeko jendeak badu kasta hori, sentimendua, eta kanpotik datozenek asko aportatzen dute, aurten ere fitxaketak asko laguntzen ari dira... Espero genuen gaur hemen egotea? Seguruenik batzuek bai, besteek ez... Baina uste dut hasieratik genekiela talde ona genuela; udan sentsazio onak izan genituen eta ikusten ari da denboraldi ona egingo dugula.

Galdera topikoa: zeintzuk dira ibilbide bikain honen gakoak?

Aste honetan bertan hitz egin dugu aldagelan, Arturorekin [Ruiz]; nik uste dut erregulartasuna dela. Emaitza hobeak eta txarragoak izan ditugu, partida txarragoak eta hobeak, baina erregulartasuna da garrantzitsuena. Partida on zein txarretatik gauza onak eta hobetu beharrekoak atera, lan egiten jarraitzeko eta erregulartasuna izateko. Eta diziplina eta ilusioa gehituko nituzke, talde honek ilusio handia duelako.

Zeintzuk dira «hobetu beharreko» gauza horiek?

Adibidez, denboraldi hasieran agian lehen zatiak oso onak ziren eta bigarrenetan gehiago kostatzen zitzaigun, eta esango nuke azkenaldi honetan kontrakoa gertatu dela, kostatu zaigula hasierak onak izatea eta bigarren zatiak hobeak izan direla. Ba saiatu behar dugu ahalik eta ondoen egiten 90 minutuetan zehar, erregulartasuna horra ere eramatea.

Lehen azterketa serioa, Teneriferen kontra, ez zenuten gainditu. Bai, berriz, zailena, Bartzelonari irabaziz. Beste topiko bat: hiru puntu baino gehiago izan ziren?

Oso berezia da partida hori. Inor mespretxatu gabe, ez da gauza bera Teneriferen aurka jokatzea edo Alexia, Aitana edo Pina izatea aurrean. Motibazio estra bat dago, Zubietan eta Anoetan jokatzea berdina ez den bezala edo Athleticekin edo beste aurkari batekin jokatzea desberdina den bezala. Baina garrantzitsua da argi izatea Bartzelonari irabazteak ez duela esan nahi partida horretan dena ondo egin genuenik, Teneriferen aurka galdu genuenean dena gaizki egin ez genuen bezala. Partida guztietatik ikasi behar dugu, horrek eramango baikaitu erregulartasuna lortzera.

Lehen itzulia amaitzeko datozen azterketak ere ez dira nolanahikoak. Larunbatean Real Madril, ondoren Deportivo Ligan eta Kopan, eta, oporretatik bueltan, Atletico.

Gogorrak. Gainera, Real Madrilen eta Atleticoren kontrakoak beren etxean dira. Baina taldea prest dago euren kontra jokatzeko, erakusten ari gara badakigula gauzak ondo egiten. Partidaz partida joango gara eta amaitzean ikusiko dugu zenbat puntu lortu ditugun eta non gauden, oraindik luzea izango dela jakinez.

Joan den denboraldian argi ikusi genuen nola aldatu daitezkeen gauzak. Bigarrenak zineten otsailean, baina dinamika izugarri txar batean sartu eta Europatik ia hogei puntura amaitu zenuten Liga.

Horregatik ari natzaizu hainbeste hitz egiten erregulartasunaz. Nataliarekin [Arroyo] bigarren postua lortu genuenean, lehen itzulia oso ona izan zen eta bigarrenean partidak galdu genituen baina ez zen gorabehera handirik egon. Ez genuen erorketa handirik izan, iaz bezala. Oso garrantzitsua da bide bati eustea.

Azken dinamika horregatik eta ekarri zuenagatik izan zen gogorra azken denboraldia? Edo emaitzak ona zirenean ere zaila izan zen? Kanpotik horrela zirudien.

Gogorra bukaera aldera izan zen gehiago. Emaitzak onak direnean, dena da errazagoa, eta horren onak ez direnean, gehiago kostatzen da. Taldeak asko ikasi zuen. Mentalki talde gogorragoa gara; gazteak gogortu egin dira iazko bizipenekin eta uste dut aurten une horretara iritsiko bagina berriro, taldea indartsuagoa izango litzatekeela une edo bolada txar horri aurre egiteko.

Entrenatzaile batek kontratua amaitu gabe alde egitea inoiz ez da seinale ona.

Nik uste dut denok sartu ginela dinamika txarrean. Galtzen hasten zarenean, dena konplikatzen da, dena jartzen duzu zalantzan… Eta, aldi berean, denak balio du ikasteko. Aurten, partida bat galduz gero, jokalariak ez gaude zalantza konstante horretan, mentalki indartsuagoak gara

Ohi bezala, jokalariek gauza asko entzun behar izan zenituzten. Eta zure aurkako kritikak gogorrenak izan ohi dira, batez ere sare sozialetan. Nola jasaten da? Kapitainak ordaindu beharreko prezioa da?

Pertsona lasaia naiz. Egia da gauzak gaizki doazenean asko entzuten dela Nerearen izena, baina ondo doazenean ere titularretan agertzen da. Iaz gaizki pasatu nuen, eta une batzuetan babes gehiago sentitu nahiko nukeen. Baina nahiago dut kritikak nik jasotzea beste edozein taldekidek baino. Rol hori hartu behar dut, kapitaina naiz. Egia da une horietan saiatzen garela Twitter, Instagram, prentsatik pixka bat urruntzen. Eta bestela Maddi [Garmendia, prentsa arduraduna] ere hor dago, askotan mugikorra kendu eta “atseden hartu aste honetan” esateko. Eta gauzak errazago eramaten dira horrela.

Jose Luis Sanchez Vera berak zurekin izandako hitz eta keinu batzuk deigarriak izan ziren. Baina egia da den-dena jokatu zenuela.

Bai, konfiantza hori neukan. Egia da exijentzia gehiago ere baneukala. Baina Joserekin gertatzen zitzaidan, Nataliarekin, eta orain Arturorekin. Konfiantza handia transmititzen didate eta horrekin exijentzia ere badator. Eta ondo nagoenean, ikusten da zelaian disfrutatzen dudala. Nataliarekin asko gozatu nuen, Joserekin ere bai une askotan, eta baita Arturorekin ere. Azken asteetan kostatu zait dinamikan sartzea orkatilako lesioagatik, baina berriz ere minutuak eta sentsazio onak izaten ari naiz.

Esan duzun bezala, protagonismoa aurretik zetorren. Natalia Arroyoren taldearen zutabetako bat izan zinen eta esango nuke asko ikasi zenuela berarekin.

Nataliarekin ume bat izatetik heldutasunera pasatu nintzen. Postu askotan jokatu nuen, taktikoki izugarri ikasi nuen eta ziurrenik gehien exijitu didan entrenatzailea da. Baina beti kariñotik, errespetutik. Hori da nire onena ateratzeko biderik errazena. Arturorekin ere ondo konektatu dut eta nigan konfiantza handia duela ikusten dut.

Arroyoren aginduetara taldearen arrakasta handienetakoa lortu zenuten, Txapeldunen Liga jokatzeko sailkapena. Zer ikasi zenuten esperientzia hartatik iaz aplikatzerik ezin ez zenutena eta aurten baliagarri izan daitekeena?

Lehenik eta behin, taldea sendo egotea; aldagelan, klubean... dena ondo egotea. Eta bigarrenik, erregulartasuna. Ez dugu erori behar partida bat galtzeagatik. Urte hartan etxean galdu genuen Real Madrilen eta Atleticoren aurka baina bigarren amaitu genuen.

Orduan bezala, klubak entrenatzaile gazte baten aldeko apustua egin du Arturo Ruizekin. Oso gaztea, 28 urte eskas. Zer du horrek ona eta zer txarra?

Ilusioa dakar eta asko bizi du futbola. Ez dakit inoiz deskonektatzen duen. Imajinatzen dut denborarekin ikasiko duzula bizitzan dena ez dela futbola, baina bizitzeko modu horrek guri hobetzeko ilusioa eta lan egiteko gogoak ematen dizkigu. Oso inplikatuta dago, asko transmititzen ahalegintzen da eta hori guztia ondo datorkigu. Eta txarra? Bada, oraindik bizipenak pilatu behar dituela une guztiak kudeatzen ikasteko. Baina psikologoa da, lan handia egin du formakuntzan... Oraingoz, dena oso ondo eramaten ari da, eta, gainera, denbora gehiago daramagunok lagundu egingo diogu, behar izanez gero, gehiago kostatzen bazaio uneren batean.

Zuretzat pertsonalki nolakoa izaten ari da proiektu berri honen hasiera?

Gustura nago. Klubaren apustua gauza askotan ikusten da, eta ez dugu presiorik baina bai lehen hiruren artean sartzeko ilusioa... Eta futbolistikoki gustura nago. Eroso sentitzen naiz jokatzen dugun sistemarekin, eta uste dut lehen partidetan erakutsi nuela maila onean nengoela. Pena izan zen lesioak kanpoan utzi ninduela aste batzuetan, baina ondo nago eta hurrengo partidatan garrantzitsua izatea espero dut.

Garrantzitsu izan edo ez, ekainean amaituko da zure kontratua. Nola ikusten duzu etorkizuna? Txapeldunen Ligan Realarekin Aintzane Encinasen partiden marka gaindituz? Edo esperientzia berriak probatzen? Atzerrian batez ere oso aukera erakargarriak daude, ez bakarrik ekonomikoki.

Realarekin hitz egiten hasi gara dagoeneko. Nik beti eman diot lehentasuna Realari, hazi naizen kluba delako eta sentitzen ditudan koloreak direlako. Egia da aukera desberdin horiek badaudela, baina oraindik ez naiz hasi pentsatzen ere. Gainera, urtarrilera arte ezin dut kanpoko eskaintzarik jaso. Dena baloratuko dugu, eta ikusiko dut ea hemen jarraitu behar dudan urte askoan edo nire postua beste jokalari batzuei utzi behar diedan, baina hitz egiten ari gara.