Gabonak Gabon
Hemen dugu Gabonetako magia. Martxan dira noriak, izotz pistak, dekorazioak eta argiztapenak. «Donostia ametsetan» bezalako hiri distiratsuan, esate batera, egin diote ongi etorria Eguberriari. Ana Oyarbide zinegotziaren ahotan «hiriaren idiosinkrasia eta balioak errespetatuz» 500 dronek argiztatu dute Donostiako zerua. 18 metroko pinua ezarri dute eta elektrizitate «berdearekin» «zero emisio» igorriko duen kanpaina izango ei da aurtengoa. Hitzek traizio egiten dute batzuetan, eta hala izendatu dute: «Gabonetako kanpaina». Eta kanpaina honek gero eta garrantzi handiagoa hartuko du «bertako aktibitate komertziala eta turismoa bultzatzeko».
Esan gabe doa, jendeak sinets dezake Olentzeron, Jesu Kriston, Maradonan edo Loterian, baina Gabonak ere hazkunde turistikoan murgildutako hiri ereduaren parte bihurtu direla begien bistakoa da. Han eta hemen, Gabonen bitartez hiria eskaparate bilakatzen da, marka salgarri bat da; batzuentzat amesgarri izaten ahal dena, gehienontzat amesgaizto bihurtzeraino. Gutxi batzuentzat negozio dena gehienentzat morrontza da, kolonizazio sentsazio itogarria dakar, TikTok-en biralizatutako parke tematiko batean sentitzeraino, are gure hizkuntza minorizatuarentzat ere jasangarria ote den galde dezakegu.
Turismoaren desazkundea bultzatzea ez dago turismoarekin kontrajarria, turismoak duen oinarri kapitalista kentzea du xede. Hiri jasangarriagoa, bizigarriagoa du aldarri, kanporatze espaziala, arrozte kulturala eta bazterketa ekonomikoa eragiten dituen turismo ereduari aurre egin nahi dio.
Aho handiarekin turismo eredu honen aldeko erretorika eta erretolika erabili eta haren bertuteak goraipatzen dituztenentzat pagotxa den neurrian, herritar askorentzat pobretzea dakarren eredua baino ez da. Auzoak erreklamu bihurtu eta baliabide komunak pribatizatzen baititu luxuzko turismo honek.
Ez, Gabonetan dena ez da argia eta magia. Klase borroka dago puri-purian. Merkatu logika nagusitzen da. Horra hausnarketarako gaia nahi den doinu eta neurrian eztabaidatzeko.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
