Elkartasun taupada inoiz baino biziago dagoela frogatuko du 40 Minutu Rockek
Brigade Loco, Merina Gris, Neomak, Non Servium, Marte Lasarte, Zea Mays... guztira hogei talde igoko dira 2026ko otsailaren 21ean 40 Minutu Rockeko oholtzetara. Hamargarren edizio bereziaren atarian, kartelaren iragarpenean argi utzi dute berezi egiten dituen elkartasun taupada inoiz baino biziago datorrela eta Durangora bertaratzeko deia egin dute: «Ospatzekoa da aldarri bat, oihu bat, elkartasuna adierazteko herri bat dagoela ikustea».

«Aldarriek, oihuek, elkartasunak… gutxitan izan dezakete zer ospatua, baina ospatzekoa izan daiteke aldarri bat, oihu bat, elkartasuna adierazteko herri bat dagoela ikustea». Esaldi horrekin abiatu du 40 Minutu Rock jaialdiko antolakuntzak 2026ko edizioko kartelaren iragarpena. Otsailaren 21ean, hogei talde igoko dira Durangoko Landako Gunean jarriko dituzten oholtzetara elkartasun taupada horrekin bat egitera. Gune nagusian Bridade Loco, Merina Gris, Neomak, Les Testarudes, Kiliki, Naxker, Ezezez, Nafarroa 1512, Zeker, Non Servium, Marte Lasarte, EH Sukarra eta Zea Mays ariko dira. Eta karpan, aldiz, Chicabet & Rocky Violencia, Matah, Sembrando Kaos, Labar, Adur, DJ Pibikens eta Kene zuzenean ikusteko aukera egongo da.
Edizio berezia izango da, gainera, irekitzear den urte berrikoa: hamar urte beteko ditu jaialdiak. Ildo horretan, antolakuntzatik gogora ekarri zuten 2015ean abiatutako elkartasun jaialdiari lema Eñaut Elorrietak ahotsa jarri zion “Malen” abestitik hartu zutela: “Berrogei minutu, milaka taupada”. «Lema horrekin hasi zuen 40 Minutu Rockek ibilbidea. Helburua garbia zen: euskal preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herriratzeko mezua zabaltzea», nabarmendu dute, eta harrezkero aldarria moldez aldatu dela aipatu dute. «Herriaren mezuak askotarikoak izan dira. ‘Itzala Argitzen’, ‘Elkarrekin arnasteko ordua da’, ‘Bagatoz, badatoz’, ‘Oihuka astiduz orratzak’ eta ‘Indarrak batuz, askatasunerantz’ lemak izan dira urteotan jaialdiak erabili dituenak, eta aurtengoak horiek guztiak batu gura ditu, herriak taupaka jarraitzen duela adierazteko», esan zuten.
Jaialdia egin den hamarkada honetan euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera aldatzen joan dela ere ekarri zuten gogora: «Herriaren indarrari esker dozenaka batzuen kondizioak hobetzen joan badira ere, oraindik hamarnaka batzuk dira ziegetan edo erbestean, senide eta lagunengandik urruti bizi direnak. Hartara, 40 Minutu Rocken mezua moldez aldatzen joan bada ere, milaka bihotz horiek helburu berdinarekin jarraitzen dute taupaka».
TAUPADA BIZIRIK
Hamar urteotan 40 Minutu Rocken bidez «herriak bizirik jarraitzen duela» frogatu ahal izan dela azpimarratu zuten, jai giroaren abaroan «mezu ugari» zabaldu baitira, hein handi batean jaialdia posible egiten duten boluntarioei esker. Makrojaialdien nagusitasunaren garaiotan, 40 Minutu Rockek erroa auzolanean finkatua duela ziurtatu zuten, «interesik bako lanetik abiatuta, herritik eraikia, herriari eskaintzeko». Ildo horretan, gogora ekarri zuten iaz pairatutako material lapurretaren aurrean «herriak berak babesa» eskaini ziela, ekarpen ekonomikoak eginez. Hain zuzen, horregatik, jaialdiko antolakuntza taldeak «eskerrik beroena» luzatu nahi izan zien «edizio bakoitzean elkartasunaren izenean eta inongo irabazi asmo barik lan egiten duten zein laguntza eskaintzen duten guztiei. Eskerrik asko bihotzez, zuek barik ez litzateke 40 Minutu Rock posible izango!».
Hamargarrena, beraz, edizio berezia izango da 40 Minutu Rockentzat, eta bertan izan nahi dutenentzat sarrerak jada eskuragarri daude BIBE atariaren bidez. Aldez aurretik erosiz gero 25 euroan lor daitezke, eta egunean bertan 30 euroan. NAIZeko harpidedunek, baina, %40ko beherapenarekin eskuratu ahalko dituzte abenduaren 16tik aurrera, Harpidedunen Txokoan. Fisikoki erosi nahi dituenarentzat, Durangoko Azokan ere eskuratu ahalko dira, Artekale kaleko 12. atariaren alboan, eta epe laburrean Euskal Herriko puntu ugaritan ere erosi ahalko dira.
Gauzak hala, antolakuntzatik otsailaren 21ean Durangora etortzeko gonbita luzatu zuten: «Jaialdiak dei egiten dio euskal musikaz, musika aldarrikatzaileaz eta jai giro sano batez gozatu gura duen herritar orori».

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?
