Euskarabildua, euskaldunon ahotsa sare globalean txertatzeko parada
Euskarazko komunitate digitalaren topagune nagusietakoa bihurtu den Euskarabilduaren 14. ekitaldia egin zuten iragan azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan. Bertan, Interneteko gobernantza eta teknologia burujabetza izan ziren jorratutako gai nagusiak.

Euskarabildua jardunaldiak elkargune izan ziren tokiko eragileen artean sareak ehuntzeko eta ikuspegi globalari euskal ikuspuntu propioa emateko. Iametzak, Ametzagaiñak eta Argiak antolatutako hitzorduak aurreikuspen guztiak gainditu eta San Telmo museoko aretoa txiki utzi zuen. Jardunaldiaren antolatzaile Eli Pomboren esanetan, «Euskarabildua pixkanaka erreferentziazko plaza bilakatzen ari da, teknologiari buruz euskaraz hitz egiteko eta elkarrekin ikasteko gunea», hain justu ere.
NORK AGINTZEN DU?
Galdera horren inguruan jardun zuten batik bat hizlariek. Hala, jardunaldian izan ziren zenbait adituk euren ikuspegia azaldu zuten mundu digitalean boteretsuek hartzen duten rolaren inguruan.
Ildo horretan, datuen etikan eta pribatutasunean espezialista den Manuela Battaglini abokatu kanariarrak eremu horretan erantzukizun zuzena duten erakundeak seinalatu zituen: «Gaur egun, Big Tech konpainiek ezartzen dituzte gure bizimoduaren oinarriak; haiek moldatzen dute legedia, haiek gidatzen dute negozio eredua, eta algoritmoek haien logikaren arabera funtzionatzen dute».
Bestalde, Amadeu Abril abokatu katalanak eta Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak Interneteko botere egituren nondik norakoak azaldu zituzten. Haien arabera, ICANN, IGF eta Internet Society bezalako erakundeetan hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute sareko hizkuntzen presentzian eta kultura dibertsitatean. Waliñoren hitzetan, euskal komunitatea ezin da bazter batean geratu: «Gure ahotsa eta ikuspegia munduko foroetan entzunarazi eta ikusarazi behar ditugu».
TXANPONAREN BI ALDEAK
Cristina Caffarra ekonomialariak gure esparru hurbilak dituen desafioak identifikatzearen beharra jarri zuen mahai gainean: «Benetako erronka ez da monopolio teknologikoen aurka egitea soilik. Europak bere sistema ekonomikoa eguneratu behar du, eta hori teknologiarekin egin daiteke».
Horrez gain, Elixabete Garciak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak, elkarlanaren beharra azpimarratu nahi izan zuen: «Gakoa baliabideak partekatzean dago. Irletan lanik ez egitea, sarean lan egin, federatu eta adimen artifizialean egiten ari den inbertsioa eta lorpenak partekatzea».
Aitor Soroa EHUko HiTZ katedrako zuzendariak, berriz, ohartarazi zuen euskal adimen artifiziala ez dela soilik teknologia garapen bat. Haren iritziz, tokiko hizkuntzak eta ezagutzak izan behar dute oinarri, eta sortzen diren modeloak guztion eskura jarri behar dira.
ERAKUSLEIHOA
Topaketa amaitzeko, antolatzaileek Erakusleihoa izeneko atal berria aurkeztu zuten, euskal eragileen proiektu berritzaileak ezagutarazteko asmoz. Horien artean nabarmentzekoa izan zen Ni.eus zerbitzu berria, Asier Etxeberriak eta Lorea Arakistainek aurkeztua. Plataformak euskal komunitate digitalaren eguneroko beharrei erantzun nahi die, urrutiko sarbidea, hodeiko biltegiratzea, babes kopiak, segurtasuna eta datuen pribatutasun handiagoa eskainiz eta euskarazko ingurune digital burujabe eta federatua eraikitzea helburu.
Jardunaldian argi geratu zen burujabetza digitala ez dela bakardadean soilik eraikitzen; sarean, elkarlanean eta ikuspegi etikoan oinarritutakoa izan behar du. Euskarabilduak, beste behin, zubiak eraiki nahi izan ditu eta euskarazko mundu digitalaren etorkizuna marrazteko beste urrats bat egin du.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
