Euskararen aurkako oldarraldi judizialak etenik ez 2025ean
Amaitzear den urtea euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren jarraipena izan da Euskal Herrian. Auzitegi Gorenaren eta EAEko nahiz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusien zenbait epaik erabat baldintzatu dute euskal erakunde publikoetan hizkuntza-eskubideak bermatzeko politika publikoen esparru juridikoa.
Urtea hasi zenetik, lanpostu publikoen alorrean euskararen eskakizunen eta balorazioaren kontrako sententziak kateatu egin dira bata bestearen atzetik. Urtarrilean, Bizkaiko Foru Aldundiko 77 lanposturen egonkortzearen aurkako sententzia argitaratu zen, lanpostu batzuetan euskara derrigorrezko izatea galaraziz.
Ondorengo hilabeteetan, aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiak euskara eskakizunen aurka ebatzi zuen behin baino gehiagotan. Lehenik, martxoan, ordezko udal idazkarien lan-poltsa baterako aurreikusitako euskara eskakizuna deuseztatu zuen. Maiatzean, ordea, Kabia adingabeen egoitzetako eta Gipuzkoako aterpetxeetako lanpostuetarako ezarritako hizkuntza eskakizunak baliogabetzen zituzten epaiak berretsi zituen.
Eta azaroan, Bizkaiko Foru Aldundiko herri-lanetako zeladore plazen hizkuntza-eskakizuna baliogabetu zuen, «neurriz kanpokoa» eta diskriminatzailea» dela ebatziz.
Nafarroan, bestalde, Justizia Auzitegi Nagusiak Merezimenduen Foru Dekretuaren hainbat artikulu partzialki baliogabetu zituen urrian. ELA eta STEILAS sindikatuek jarritako helegite baten ondorioz, auzitegiak ebatzi zuen artikulu horiek aukera ematen zutela zenbait lan-deialditan atzerriko hizkuntzei (ingelesa, frantsesa, alemana) puntuazio emateko, euskararen balorazioari muga jartzen zitzaion bitartean.
Auzitegiak azken hori zuzendu arren, sindikatuen eta Euskalgintzaren Kontseiluaren eskaerak ez zituen aintzat hartu, hala nola, Nafarroa osoan eta zerbitzu zentraletan euskara merezimendu gisa baloratzeko beharra.
Bestalde, zenbait erakunde publiko auzitegiei men egin eta euskarari kalte egiten dioten neurriak hartzen hasiak dira azkenaldian. Esaterako, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen aurka ezarritako azken irizpide atzerakoiak aintzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak urrian publikoki iragarri zuen epaitegien esanak aplikatzeari ekingo ziola lanpostu batzuetan euskara eskakizunak arintzeko.
UDALEN AUTONOMIAREN UKAPENA
Udalen autonomia eta erabakimenari dagokionean, aldiz, Auzitegi Gorena izan da erakunde horien hizkuntza-politikan gehien eragin eta kalte handiena sortu duena. Izan ere, auzitegi horrek bi ebazpen garrantzitsu eman zituen Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikuluren baliogabetzea berretsiz. Hasteko, apirilean, udaletxeetan euskararen erabilera lehenesteko aukera baliogabetu zuen, Jaurlaritzaren kasazio-helegitea ez onartuz, eta PP alderdiaren helegiteari erantzunez. Bestalde, uztailean, baliogabetze hura berretsi zuen, VOX alderdi ultraeskuindarraren helegitea ia osotasunean aintzat hartuta.
Ebazpen horien ondorioz, besteak beste, udalek ezin izango dute neurrik hartu barne dokumentazioa euskara hutsean egiteko eta herritarrekiko jakinarazpen eta iragarkietan euskara lehenesteko.
ZAHARRAK BERRI EUROPAN ERE
Euskararen aurkako jazarpen judiziala kontinente zaharreko erakundeetatik ere iritsi zaigu aurtengo udan. Izan ere, uztailean Europako Batasunak ez zion aitortu ofizialtasuna euskara, galiziera eta katalanari. Lehenik, Espainiako Gobernuak egindako eskaeraren inguruko eztabaida atzeratzea erabaki zen Europar Batasuneko Gai Orokorretarako Kontseiluan, eta ondoren euskara instituzio horretako hizkuntza ofizialen artean ez onartzea erabaki zuten.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas
