GARA
BILBO

Beloradoko mojek zituzten artelanak atxiki ditu Guardia Zibilak

XIV. mendeko kristo gurutziltzatu bat, XVII. mendeko bi mihise handi, XVI. mendeko Bretonerako Ama Birjinaren tailu bat eta antzinako abadesa baten 1556ko testamentu bat; pieza horiek eta gehiago berreskuratu ditu Guardia Zibilak. Antza, Beloradoko mojek horiek saltzeko asmoa zuten, baina joan den ostegunean atxilotu zituzten Burgosko monasterio horretako abadesa ohia, beste moja ohi bat eta antikuario bat, eta atxiloketa horien ondotik eskuratu ditu poliziak artelan horiek guztiak.

BALIO HANDIKOAK

Ondare historikoko 30 bat lan atxiki dituzte. Horietako batzuk kalitate handikoak direla eta milaka euroko balioa izan dezaketela azaldu zuen Pablo Palacin Burgosko Guardia Zibilaren Komandantziako bozeramaileak kazetarien aurrean. Zehaztu zuen atzo ikusgai jarritako piezetako batzuk polizia operazioan berreskuratutakoak direla eta gainerakoak Urduñako monasterioan aurkitu zituztela ostegun arratsaldean egindako miaketan. Beloradoko monasteriokoak dira guztiak, eta orain Guardia Zibilaren eskuetan daude ondasun historiko horiek, berriro ere katalogatzeko zain.