GARA
DONOSTIA

Eskola Kirolean 5.200 adingabe gutxiagok eman dute izena

Goizane Alvarez Gipuzkoako foru diputatuak esan du 11.919 ikaslek eman dutela izena Eskola Kirolean, eta iaz 17.121 izan zirela. 382 talde gutxiago daude eta zortzi ikastetxek utzi behar izan dute programa.

Goizane Alvarez foru diputatuak Eskola Kirolaren inguruko balorazioa egin zuen.
Goizane Alvarez foru diputatuak Eskola Kirolaren inguruko balorazioa egin zuen. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, berak hala eskatuta, agerraldia egin zuen atzo Batzar Nagusietan Eskola Kirolak 2025-2026 denboraldian izandako parte-hartzeari buruzko datuak emateko, programaren arau-esparrua aldatu duten ebazpen judizialek markatutako testuinguruan.

«Eskola Kirola soilik egiten dutenen, [klubetako] kirol-eskolak soilik hautatzen dituztenen eta aukera konbinatua egiten jarraitzen duten gazteen arteko datuen azterketa gurutzatua egin ondoren, ikusten da 5.000 adingabe ditugula denboraldi honetan jada espezializazio goiztiarra eta kirol bakarrekoa egiten ari direnak», azaldu zuen Alvarezek.

Zifretan, jaitsiera %30,4koa da, nahiz eta kontuan hartu Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako matrikulazioak %2,5 jaitsi direla. Eskola Kiroleko parte-hartzearen beherakada %18,2koa izan dela esan zuen Alvarezek. Egun 11.919 ikasle ari dira guztira; %59 mutilak dira eta %41 neskak. Aurreko ikasturtean, adin horretako ikasleen %36,5ek egiten zuten Eskola Kirola; 17.121 ikaslek, hain zuzen ere.

«Klubetarako lekualdatze hori teknifikazio goiztiarreko dinamika bat sortzen ari da», azaldu zuen diputatuak, eta azpimarratu zuen «eragin zuzena eta konponezina» duela Eskola Kirolean inskribatutako taldeen kopuruan, 1.493 izatetik 1.111 izatera igaro baita; hau da, 382 gutxiago (% 25,6).

Beherakada horrek ikastetxe txikiei eragin die batez ere, ez baitute programan jarraitzeko ikasle nahikorik, eta kanpoan utzi behar izan dituzte jarraitu nahiko luketen adingabeak. Zortzi dira eragindako zentroak. Eskualdeka, jaitsierarik nabarmenena Buruntzaldean erregistratu da, ondoren Bidasoa-Oiartzunen, Deban, Goierri-Tolosaldean eta Donostian.

«ASTIROAGO AURRERA EGITEA, URRUNAGO IRISTEKO»

Alvarezek gogorarazi zuen jokoan dagoena «programa zehatz bat baino askoz gehiago» dela, eta eredu hori galtzeak esan nahi duela onura hauek guztiak galtzea: sarbide-berdintasuna, lesioak prebenitzea eta haurren «burnoutak» gutxitzea, haurrek kirol berriak aurkitzeko aukera izatea, eta funtsezko balioak lantzea, hala nola frustrazioarekiko tolerantzia, talde-lana eta jolasa, emaitzaren gainetik. «Eta Gipuzkoak hiru hamarkadatan kirol politika berritzailean eraiki duen lidergoari uko egitea ere bada», gehitu zuen.

Foru diputatuak iragarri zuen federazioei, ikastetxeei, klubei eta lurralde-kontseiluari dei egingo diela, araudi berriaren aurrean eman beharreko pausoak elkarrekin aztertzeko eta bi bideen arteko bizikidetza bermatzeko.

EH BILDU: «EGUNGO EREDUA INDARTU ETA EGOKITU»

EH Bilduko batzarkide taldeak ohar bat kaleratu zuen, eta, bertan azpimarratzen zuen Eskola Kirola dela haur guztiak jarduera fisikoan modu seguruan eta progresiboan hasteko tresnarik eraginkorrena, eta horren inguruan lortu den adostasun instituzional zabala goraipatzen zuen. Horregatik, «egungo eredua indartzea eta egokitzea premiazkoa» dela defendatzen du, «eskola-adineko jarduera fisikoak duen balio pedagogiko eta soziala bizirik mantentzeko».