Etxebizitza da berriz ere EAEko herritarren kezka nagusia, Soziometroak dioenez
Azken Soziometroaren arabera, EAEko herritarren %58k uste dute etxebizitza dela arazo nagusia, enpleguaren edo osasunaren gainetik. Baikortasunerako zifrarik ere bada: batez besteko zoriontasuna 7,7 puntuan mantentzen da; 2014tik izandako daturik altuena.

Lakuako azken Soziometroak berriro ere etxebizitza jarri du gizartearen kezken goiko muturrean. Herritarren %58k EAEko arazo nagusitzat jotzen dute, 2007an higiezinen burbuila lehertu aurreko urteetatik erregistratzen ez zen datua. Kezka areagotu ez ezik, gainerako lehentasunetatik aldenduago ere badago: horren atzetik, enpleguarekin lotutako kezkak %42ra iristen dira, eta, beherago, herritarren «segurtasun falta» eta osasuna agertzen dira; lau pertsonatik batek aipatu dituzte horiek.
Immigrazioa eta «horrekin lotutako arazoak» -arrazakeria eta xenofobia barne- eta arazo ekonomikoak dira herritarrek nabarmentzen dituzten kezketako batzuk. Horien artean, etxebizitzaren ingurukoa eta herritarren «segurtasunik eza» dira gehien hazi direnak.
Hala ere, herritarren %66k uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera politikoa «ona edo oso ona» dela; soilik %18k uste dute, ordea, gauza bera Estatu espainolari buruz. Pertzepzio negatibo hori areagotu egin da 2023tik, baina 2025eko ekainetik azarora bitartean lau puntu hobetu da.
Egoera ekonomikoari dagokionez, %72k uste dute EAEko egoera ona dela, eta %37k, Estatukoa ona dela. Hala ere, bi ekonomiekiko pertzepzioak okerrera egin du, aurreko soziometroarekin alderatuta.
Guztira, 3.030 inkesta egin dira telefonoz Soziometro honetarako -730 Araban, 1.315 Bizkaian eta 985 Gipuzkoan- aurtengo azaroaren 11tik 14ra. Oraingoan, norberaren gogobetetzeaz, etorkizunari begirako espektatibez, «ugalkortasun-nahiak» betetzeaz eta erlijio sinesmenez ere galdetu du Soziometroak.
Hala, etxebizitzak arazo pertsonal gisa ere gero eta pisu handiagoa du. Lan merkatua (%24) eta egoera ekonomikoa (%24) eguneroko arazo nagusiak diren arren, etxebizitza da jada gehien aipatzen den hirugarren gaia (%23), osasunaren (%19) eta segurtasunik ezaren (%17) gainetik.
Batez besteko zoriontasuna 7,7ra iritsi da, 2014tik izan den zifrarik altuenera, eta 2021etik egonkorra. Hala ere, errenta mailak zoriontasuna baldintzatzen du, eta, horri begiratuta, «langabeek edo behe-mailako gizarte-klasekoek» batez bestekotik beherako zoriontasun maila dute.
Gainera, herritarren %11k seme-alabarik ez dutela nahi adierazi dute; %44k, berriz, bi izan nahiko lituzketela, eta %26k, hiru. Hala ere, zenbat seme-alaba izan dituzten galdetutakoan, hirutik batek seme-alabarik ez duela esan du.
Biztanleen erlijio sinesmenei helduta, biztanleen %45ek fededuntzat dute beren burua; dena den, hirutik bi ez dira praktikanteak.
INDEPENDENTZIA ETA IDEOLOGIA
Soziometroaren arabera, egun independentziaren alde herritarren %23 daude (udan baino bi puntu gehiago), eta %38, berriz, aurka (hiru puntu gutxiago). Kontuan hartzekoa da, era berean, %32 «egoeraren arabera» independentzia babesteko prest legokeela.
Pentsamolde ideologikoari erreparatzen bazaio, jendarteak ezkerrerako joera erakusten du. Batez beste, 0tik (ezker muturra) 10era (eskuin muturra) bitartera doan eskalan, herritarrek 4,2 ematen diote beren buruari. Halere, herritar gehienek (%54) zentroan kokatzen dute beren burua.
Alderdi politiko begikoena EAJ da 10etik 5,1 puntuko balorazioa jasota; jeltzaleen atzetik, EH Bildu eta PSE daude, 4,4rekin eta 3,7rekin. EH Bildu eta Sumarren begikotasun maila gorenean dago, Voxek gora egin du (1,1) eta PPren zifra egonkor mantentzen da (1,9).
Politikarien balorazioari dagokionez, Imanol Pradalesek lortu du puntuazio onena (5,7), eta, ondoren, Pello Otxandianok (5,4); horiek biek bakarrik gainditu dute 5eko nota.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
