«Euskararen errepublika» eskatu dute, euskaraz bizi ahal izateko
«Euskararen errepublika» eskatu zuen atzo EHEk Azokaren inguruko urteroko manifestazioan. Hizkuntza eta nazio zapalkuntzari aurre egiteko, tresna politikoak behar direla gogoratu zuen, eta alderdi abertzaleei deia egin: hizkuntza politika ausartak egin ditzatela. Euskarak behar duen pizkunderako, abenduaren 27ko Bilboko hitzorduak duen garrantzia azpimarratu zuten.

Euskal sorkuntzaren plaza handiena den Azokan, euskararen erabilerak bizi duen egoera kezkagarriaren gainean jarri zuten fokua atzo bi ekimenek: Landako gunean bertan izan zen lehena, Talaia gunean, mahai inguru formatuan, eta gazteak izan zituena protagonista nagusi, goiz-goizetik jendez lepo egon zen Azokan. Euskararen larrialdi egoerari begira jarri zen bestea eguerdian. Urteroko manifestazio nazionala egin zuen Euskal Herriak Euskarazek (EHE), hizkuntzak behar duen pizkundea sustatzera deitzeko. Beste mezu nagusi bat utzi zuen Durangoko kaleetan egindako protestak: «Euskararen errepublika» behar da euskaraz bizi ahal izateko, «tresna politikoak» behar direlako, «hizkuntza eta nazio zapalkuntzari aurre egiteko».
Landako gunetik abiatu zen manifestazioak gazteen presentzia handia izan zuen. Besteak beste, “euskaraz bizitzeko, independentzia”, “erasoen aurrean antolatu” eta “Comisiones, UGT, euskararen etsaiak” oihuen artean egin zuen ibilbidea hiriguneko kaleetan. Santa Ana plazan amaitu zen Euskal Herriko 30 eragileren baino gehiagoren babesa zeukan atzoko mobilizazioa. Izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluaren, AEKren, Ikastolen eta Steilas, ELA eta LAB sindikatuen atxikimendua zeukan deialdiak.
Denbora luzez joan ziren plaza betetzen manifestariak, ordu zehatz batzuetan ez baita batere erraza Alde Zaharreko kaleak zeharkatzea. Txalapartaren doinuak egin zien ongietorria plazara iristen zihoazen parte hartzaileei eta, esan bezala, tarte batez aritu ziren adin guztietako manifestariak azken puntu horretara heltzen. Azken mezuaren atarian, “Euskal Herrian euskaraz” eta “Araban bagare” abesti ezagunak kantatu zituzten bertaratutakoek.
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak atzo Durangon zabaldu zuen mezuan, historian zehar hizkuntzak izan dituen pizkunde garaiak euskaltzaleen ekinaren ondorio izan direla gogorarazi zuen. Izan ere, haiei aitortza eginez abiatu zuen bere diskurtsoa euskararen aldeko antolakundeak. «Mila esker euskararen alde aritu zareten eta gaur zabiltzaten euskaltzale guztiei. Biba zuek!», adierazi zuten bozeramaileek.
Santa Ana elizpeko ekitaldi horretan lehen dei zuzen bat egin zitzaien agintari politikoei, «ardura berezia» baitute euskararen zapalkuntza estrukturala izanik. «Hizkuntza politika ausartak egitea eta benetako eztabaidak zabaltzea» dagokiela ere esan zuten. «Eskaera zehatza» ere utzi zuten, Euskal Herriko alderdi abertzaleei zuzenduta: «Orain egiten duzuena baino askoz gehiago egin zenezakete, jarri euskara erdigunean, egin politika euskaltzaleak!».
Salatu zutenez, askotan norbanakoak seinalatzen dira instituzioen aldetik «euskaraz bizitzea nahikeria hutsa balitz bezala, euskaraz edo erdara hegemonikoetan bizitzeko hautua egitea maila berean jarriz». Hori «iruzurra» dela salatu dute EHEko bozeramaileek, euskarak «egiturazko zapalkuntza jasaten» duelako.
«EZ GARA IRLA BAT»
Egungo errealitateari buruzko analisian, aipatu zuen EHEk euskarak «mundu mailako dinamika» ere ez duela aldeko. «Kapitalismoak eta globalizazioak eraginda, gero eta bortitzagoa den homogeneizazio prozesuak eraso egiten digu. Horrek munduko kultura eta hizkuntza aniztasuna harrigarriki murriztu du, hizkuntza gutxiagotu ugari desagertzeraino», adierazi dute EHEko bozeramaileek.
Erantsi zutenez, eskuin muturrak eta faxismoak indartu dira, «gurean ere diskurtso arrazistak nahiz xenofoboak ugaritzen ari direla sumatu dugu», eta errealitate horren aurrean euskararen mundua beste printzipio batzuetan ardazten dela esan zuten: «Eskubideen aurkako erasoei irmotasunez erantzuten jarraituko dugu, argi utziz euskara elkarbizitza osasuntsurako tresna dela eta ez bazterketarako edo bereizketarako».
Pizkunde eta aktibazio berriaren testuinguruan Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilbora joateko egin duen deialdia azpimarratu zuen EHEk. «Bertan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu, ahal bezainbeste euskaltzale biltzeko. Orain da euskaltzaleon garaia! Orain da pizkunde berria hauspotzeko unea!», adierazi zuten.
GAZTEAK, «LEHEN LERROAN»
EHEren manifestazioak Durangoko kaleak hartu aurretik, gazteen bizitzetan euskarak duen rolean jarri zuten fokua. Talaia gunean, Euskal Herriko toki ugaritatik etorritako gazteak bildu zituen mahai inguru batek, egoeraren konplexutasuna eta dituen errealitate askotarikoak islatzeko. Malen Frantsesena NAIZ Irratiko kazetariak gidatu zuen solasaldia. Zuberoako, Busturialdeko eta Nafarroako Erriberako gazteek partekatu zituzten egunerokoan kalean bizi dituzten egoerak, beren esperientzia pertsonaletatik abiatuta. Nabarmendu zuten euskara «identitateari lotutako zerbait» dela, oraindik euskalduna izan gabe ere hor dagoen zerbait.
«ITOTZE SENTSAZIOA»
. Gazteek bat egin zuten diagnostikoan: ezagutzak ez du erabilera esan nahi. Faltan bota zituzten baliabideak, euskaraz bizitzeko edota ikasteko eskubideak bermatuko dituzten neurriak, EHUtik hasi eta Baionako kaleetaraino. Esan zutenez, nazio ikuspegia behar du euskararen aldeko borrokak, askotan EAEren errealitateak behar baino zentralitate handiagoa har ez dezan.
Leire Casamajou Elkegaraik (Zuberoa), Iraia de la Torre Landerak (Erribera) eta Peio Enbeita Kaltzadak (Busturialdea) euren bizipenak partekatu zituzten solasaldian, egoera oso ezberdina izan baitaiteke euskaraz bizitzeko hautua egin eta euskararen presentzia txikiago bat duen hiri batean edo eremu euskaldun batean bizi den lagun batentzat. Eta pentsa daiteke errazagoa izan daitekeela hautua Busturialdea bezalako eskualde batean biziz gero, baina Enbeitak esan zuenez, kezkarako arrazoiak daude han ere, erabilerari buruzko datuek jaitsierarako joera bat erakusten dutelako azken urteetan. Horregatik, hizkuntzaren egoeraren inguruko kontzientzia sortzeari ekin diotela azaldu zuen bizkaitarrak.
Hizkuntzaren egoerari dagokionez, Casamajouk esan zuen hizkuntzaren galera mantsotu dela Ipar Euskal Herrian, baina «itotze sentsazioa» aipatu zuen. Gainera, kostaldearen eta barnealdearen artean badira ezberdintasunak. «Barnealdean -zehaztu zuen- euskal hiztun asko dago, baina askok ez dute erabiltzen lotsagatik...».
Nafarroako Erriberan ere herriz herri aldatzen dela egoera azaldu zuen De la Torrek, baina kontuan hartu behar dela euskaraz ikastea bera arazo dela oraindik Nafarroan. «Gure belaunaldiak ez du euskaraz ikasteko aukera izan», gogoratu zuen. Hala ere, euskararekiko jarreretan ere aldaketak izan direla esan zuen, eta lehen «ugariak» zirela «oso kontrako» horiek, baina euskararen aldeko beste klima bat dagoela egun.
Hedabideek jokatu behar luketen rolaren inguruan galdetuta, hizkuntzaren kalitatea zaintzeko beharra aipatu zuen Casamajouk, eta euskal hedabideen ardura nabarmendu zuen.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
