Nerea LAUZIRIKA

Gainezka egin du Azokak bigarren egunean

Jendetza izan zen protagonista, ezbairik gabe, Durangoko Azokako bigarren egunean. Landako gunea txiki geratu zitzaien euskal kulturaren nobedadeak bertatik bertara ezagutzera gerturatu zirenei eta herrian zabalduta dauden gainontzeko guneetan ere jende andana elkartu zen. Eguraldia lagun, giro paregabea sortu zen 60. DAren bueltan.

Ezkerretik eskumara, Fernando Alonso liburuak sinatzen, Iratxe Reparaz Arrate Rodriguezekin solasean eta Hikadromoa.
Ezkerretik eskumara, Fernando Alonso liburuak sinatzen, Iratxe Reparaz Arrate Rodriguezekin solasean eta Hikadromoa. (Endika PORTILLO - Andoni CANELLADA | FOKU)

Larunbatarekin ireki zituen bigarren egunez ateak Durangoko Azokak eta kabitzen zena baino jende gehiago gerturatu zen euskal kulturaren plazara. Goizean maiz itxi behar izan zuten sarrera, edukiera kontrolatze aldera. Bertan ilarak izan ziren, bai eta postuetan ere.

Horrela, zaleak erakusmahai aurrean pilatu zitzaizkien Karmele Jaio idazleari eta Mikel Ayestaran kazetariari, besteak beste. Fernando Alonso kazetari eta idazlea ere izan zen GARAren erakusmahaian, “Josu Urrutikoetxea. Belaunaldien arteko katebegia” liburua sinatzen.

Saltokiz saltoki ibiltzeko ez ezik, solasaldiak zein hitzaldiak entzuteko aukera ere izan zen, urtero legez Durangoko Azokan prestatu duten egitarau zabalari esker. Horrela, Talaia gunean Jon Miranderi buruzko mahai ingurua egin zuten Gorka Bereziartuak, Katixa Dolharek eta Mikel Sotok. Guztiak dira adituak auzian, Miranderi buruz ikertu eta idatzi baitute.

Horrela, figura aztertzen saiatu ziren, horren polemikoa izanda, Mirande zuritu eta kondenatu gabe. Bereziartuak azaldu zuen haren harremanetan jarri duela berak arreta egilea aztertzean, bai bere buruarekin zuenean, baita bere obrarekiko loturan eta bere garaiko zein egungo irakurleekiko hartu-emanean ere.

Dolharek, bere aldetik, idazlea eta obra, norbanakoa eta haren kultur ekarpena banatzearen inguruan hausnartu zuen. Horrela, planteatu zuen ea Mirande epaitu behar zen argitaratu zituen obrengatik edo, kontrara, pribatuak izateko idatzitako eta gerora plazaratutako idazkietan botatakoengatik.

Soto, Mirandez beharrean, hari buruz esandakoez mintzatu zen gehiago: «Uste dut Mirande ez dugula ulertzen eta horregatik epaitzen dugula». Gaineratu zuenez, «ahalegin txikia» egin da egilea ulertzeko eta beste kulturgile batzuekin baino gogorrago jokatu da haren aurka. Horrela, adibide gisa jarri zuen Chillida, ez baita haren inguruan hitz egiten den bakoitzean aipatzen gaztetan ultraeskuindarra izan zela eta gazte katalan batzuk jipoitu zituela katalanak izate hutsagatik. Ez dago, ordea, Sotoren aburuz, Miranderen inguruan hari nazi deitu gabe egin den solasaldirik.

Talaia gunea era horretako hausnarketa eta hartu-emanen aterpe izaten da urtero, baina badaude bestelako solasaldiak hartzeko espazioak ere, Landako gunean izaten den burrunbatik urruti. Horietako bat da aurten estreinakoz zabaldu duten Atartea.

Ilustratzaileen plaza

Durangoko Arte eta Historia Museoa ilustratzaileen plaza bilakatu dute Azokak iraun artean. Bertan aritu ziren Arrate Rodriguez ilustratzailea eta Iratxe Reparaz aurtengo DAren irudiaren egilea solasean.

Rodriguezek aurreratu bezala, lagunarteko hizketaldia izan zen, Reparazen lana xehatzeko baliatu zutena. Horrela, Reparazek azaldu zuen, berez, ez dela ilustratzailea, arte zuzendaria baizik, eta ilustrazioa bere lanaren zati bat dela.

Azaldu zuenez, lana «oso modu pertsonalean» hartzen du, pasio handiz, eta horrek bere buruarekin oso exijentea izatera darama. Reparazen hitzetan, planteatzen zaion ideiaren eta emaitzaren artean «koherentzia» mantentzea da bere zeregina. Hori dela eta, azaldu zuen nahiago izaten duela artistekin lan egin, askatasun gehiago ematen baitiote sortzerako orduan.

Atartea ez da aurten Landakotik at inauguratu duten gune bakarra. Berbagailua jarri dute Madalena ermitan, azokatik gehiegi urrundu gabe, bertan podcastak grabatzeko. Azokan erakutsiko diren nobedadeak abiapuntu bezala hartuko dituzte solasaldietarako eta hogei bat lagunek izan dute bertatik bertara grabazioa ikusteko aukera. Bestalde, txiki geratu zen aretoa “Benetan zabiz” podcastarekin.

Eguerdi partera apalduz joan zen jendetza eta giro atseginagoa izan zen diskoak eta liburuak erosteko. Horrez gain, Hikadromoa egin zuten Landako eskolan. Bertan, dozenaka euskaldunek hika baliatuta hitz egin zuten elkarrekin, galtzen ari den aldaera berpiztuz bata bestearengandik entzun eta ikasita.