Gazan basakeriak badirau, elkartasuna ez dadila eten
Atzo Haidar Eid idazle eta irakasle palestinarrak Israel presionatzeko premia nabarmentzen zuen orrialdeotan irakurgai zegoen elkarrizketan. Larunbatean, Estatu sionistari zerrendatik ateratzeko eskatu zioten Qatar eta Egiptok, Gazako su etenaren bermatzaileek, handik alde egin arte eta Gazara egonkortasun egoera itzuli arte ezin baita esan su etenik dagoela. Su etena indarrean dago, ordea, eta Israelek behin eta berriz, etengabe, urratzen du, baina Gazaren gaineko arreta neurri handian galtzeko efektua izan du Trumpen planak. Egunkari honek egunero ematen du hango berri, ia egunero hildakotan eta basakeriatan zenbatzen diren albisteak. Su etena hasi zen egunetik ia 400 hildako izan dira.
Urriaren 10etik dago su etena indarrean, Israelen aurkako presioa areagotzen ari zenetik, eta presio hori, batez ere estatuena, moteldu egin da. Orain genozidioa ez da eguneroko gai ikaragarria -batzuentzat molestatzen duena- eta nazioarteko agendatik ateratzen ari da, Gazan ezer konpondu balitz bezala, hain zuzen ere estrategia sionistaren parte den pertzepzioa eraginda. Haidar Eidek dio nazioarteko auzitegien jardunak aurrera jarraituko duela, eta hala behar du, baina estatuetako arduradunek, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren eginkizunaren sinatzaile izanda ere, muzin egiten diete haren erabakiei. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak Israelera egindako bisita da azken adierazgarri lotsagarria.
Elkartasuna ez da eten, eta Euskal Herrian nabari da. Egun hauetan oso presente izan da Durangon Palestina; atzo, ordu erdiz Azokako ateak itxiz, euskal kulturaren konpromisoaren erakusgarri. Garrantzitsua da oso elkartasuna, eta eraginkorra, su etena baino lehen egunez egun emendatzen zihoazen agerpenek erakutsi zuten bezala. Hala ere, elkartasun horrek indarra galtzeko arriskua ez da gutxietsi behar. Su etenaren inguruko mezua indartsua da, eta genozidioaren eta ikaragarrikerien amaiera sumatzea nahi du. Ez da egia. Palestinarrek badakite zer espero dezaketen nazioarteko komunitatea delakotik, eta herritarren elkartasuna keinu huts bat baino askoz gehiago da. Horrenbestez, ez dezatela haren falta izan.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
