Nina MERLE (Mediabask)
BAIONA

Laborantza eta Elikadura Kontseilua, Euskal Elkargoak gehiengoz onartua

Luze itxaron eta sutsu eztabaidatu behar izan zen bozketa estu batean, atzo bildu zen Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseiluak Euskal Herriko Laborantza eta Elikadura Kontseilua erakundea sortzea erabaki zuen. Krisi betean den sektorean egin den eztabaida prozesuan, espero zitekeen bezala, kontrako iritziak ez dira falta izan.

Euskal Hirigune Elkargoaren bilera, larunbatean Baionan.
Euskal Hirigune Elkargoaren bilera, larunbatean Baionan. (Nahia GARAT)

Kolektiboki laborantza jorratzea ardatz, Ipar Euskal Herrian erakunde berria jaio zen larunbatean, hilak sei. Euskal Hirigune Elkargoko herriarteko kontseiluaren bileraren lehendakari eta Baionako auzzapez Jean-René Etchegarayk aitortu zuen «zatitzen» zuen gaia izan dela, bilera aurretik kontrakotasun dezente sortu dituela. Besteak beste, Jean-Marie Girier, Pirinio Atlantikoetako prefetarena. Hala ere, Etchegarayren hitzetan erakundeak «aholkularitza izaera» izango du eta «laborariak, sindikatuak, kolektibitateak, kontsumitzaileak eta gizarte zibila proiektu komunen inguruan biltzea» izanen du xede.

KRISI BETEAN

Ipar Euskal Herriko hautetsiak bat datoz laborantza aurrekaririk gabeko krisi batean dagoelako ustean. Adostasun handia dago diagnosi horretan: hegazti gripe eta bestelako osasun arazoak, muturreko fenomeno meteorologikoak, estutasun ekonomikoak, sektorean errelebo falta, etorkizun zalantzagarria dudarik gabe. «Erritmo honetan 2050. urterako ehun ustiategi baino gehiago desagertuko dira, segur aski gehiago» aipatu zuen Jean-Louis Prebendek, Gabadiko alkateak, Bil Gaiten taldearen ordezkari gisa.

Egoera kezkagarri horren aurrean, Ipar Euskal Herriko hautetsien %54k herrialdeari egokitutako eztabaida eta hausnarketarako gune bat antolatzea proposatu eta %46k kontra bozkatu zuen. Bil Gaiten taldeko ordezkaria den Peio Quihillalt Ligi-Athereiko alkatearen hitzetan, «laborarien komunitateak ezin duelako gehiago itxoin».

BESTELAKO LEHENTASUNAK

Lekorneko alkate Hervé Damestoy, Elgarrekin Herriarentzat zentro-eskuineko taldearen ordezkaria dena, aldiz, ez dator bat erabakiarekin: «Gure instituziotik kanpo zertarako behar dugu egitura berri bat batzorde indartu eta zabal batek funtzio berbera bete ahal badu?». Landibarreko alkate Patrick Etchegaray bat dator erakunde berriaren erabilgarritasunaren inguruko kezkarekin. «Jada martxan dugun instituzio publiko honetan [Euskal Elkargoan] eztabaidatu behar dira gaiok. Egiturak bikoiztu dira gaur, zertarako? Hautesleria kontentatzeko».

BEREZKO ERAKUNDEA

Urte bat bete da Euskal Elkargoko lehendakariak Laborantza eta Elikadura Kontseiluaren promesa egin zuenetik. Jean-René Etchegarayk «lurraldean errotutako erantzun bat» ematea espero du eta, hartara, laborantza sektoreko aktore denak batasunera deitu zituen. Parisek eta Departamenduak erreparoak adierazi dituzten arren, Erregio Kontseiluaren jarrera ez da batere ziurra. Hautetsiei azaroaren 24an bere aurkakotasuna «bai muinean baita formetan ere» jakinarazi zien gutun bidez.

Proiektuaren aurkakoak aurkako, Etchegarayren arabera «Departamendua ez da laborantza kontutan autoritate gorena». Eta behin eta berriz galdetu zuen: «Zeren beldur gara?». Erakunde berria berez ez dela «iraultzailea» azpimarratu zuen, «egungo erakundearen eskuduntzen barnean» arituko dela, anbizio handiagoko laborantza politika baten beste «zutabe» bat izateko.

Batera plataforma, Laborantza eta Elikadura Kontseilua sortzeko egitasmoa babesteko plazaratu agirian, ildo berean aritu zen: «Gure lurraldeko laborantza eragileek, kontsumitzaileek eta hautetsiek urrunago joateko borondatea erakutsi dute, ekintza publikoa hobetzeko beste tresna bat landuz: Laborantza eta Elikadura Kontseilua. Tresna horrek erabakiak herritar eta eragile sozioekonomikoengana hurbiltzen lagunduko du», adierazi zuen plataformak.