Larrazabal-Mariezkurrena bikoteak lehen puntua erdietsi du
Partida gogorra jokatu zuten bi bikoteek, eta azken partean Larrazabalek eta Mariezkurrenak puntua lortu zuten min hartu zuen Lasoren eta Albisuren aurka. 6 tantoko abantaila izan zuten gorriek, baina Larrazabalek eta Mariezkurrenak ez zuten amore eman.

Lehen puntua lortu zuen Larrazabal-Mariezkurrena bikoteak, markagailua irauli ondoren. Hala ere, Lasok eta Albisuk agindu zuten markagailuan, jokoa aski berdinduta egon baitzen. Azken zatian, gorriak aurretik zeudela, Lasok eskuineko belaunean kolpea izan zuen, eta alarmak piztu ziren. Ondotik, Larrazabalek agindu zuen minduta zegoen Laso baten aurrean, eta Mariezkurrena gailendu zen Albisuren aurkako lehian. 20-22koarekin amaitu zen partida, eta urdinek lehen puntua lortu zuten. Etxeberria eta Martija dira, beraz, punturik erdietsi ez duten bakarrak.
Lehen tanto luzea utzi zuen partidak, erasoan gorriak eta defentsa lanetan urdinak. Dena den, are luzeagoa izan zen bigarrena, eta 80 pilotakadatik gertu jo zituzten lehen bi tantoetan. Larrazabal ez zen ongi hasi, eta lehenengo bi tantoak galdu zituen; Mariezkurrenak, ordea, ondo baino hobeto eutsi zien Lasoren eta Albisuren erasoei. Oso bizi hasi zen lehia, 3-1ekoarekin gorrien alde. Aginte argirik gabe, partida hasiera bizia bezain parekatua izan zen, eta Larrazabalek egin zuen arratsaldeko lehen tantoa, goitik beherako erremate gogor eta ikusgarri batekin.
Atzelarien arteko piloteo luzeak aurrelariek bukatu zituzten eraso itxurosoekin. Zalantzak behin gainditurik, fin eta dotore aritu ziren lau pilotariak, bakoitza bere koadro eta eginkizunetan. Horren adibide izan zen Berriozarko atzelariak eman zuen eskuinkada, emaitza estutzeko, 5-4koa ipiniz. Hasiera gogorra eta ikusgarria izan zen.
Unai Lasok agintea hartu zuen hurrengo tantoetan, eta bikote urdinaren bi akatsen ondotik airezko bigarrena egin zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak (8-5). Bederatzigarrena Lasoren eta Albisuren alde ere, Mariezkurrenak gora bota baitzuen. Atzelari nafarra deseroso samar aritu zen agintzeko aukera izan ez zuenean, baina xarmanki jokatu zuen aukera izan zuenean. Horrelaxe 8 eta 6koa egin zuen atzelariak, horma-biko baten ondorioz eta berriz ere gerturatu ziren (9-7).
Nahiz eta partida hasieratik aurretik egon ziren, Lasok eta Albisuk ezin izan zuten zulo handia egin markagailuan. Gehienez, hiru tantoko aldea lortu zuten, Mariezkurrenak ongi eutsi baitzion. Halaber, atzelari ataundarrak akats bi egin zituen segidan, eta hori galga izan zen. Dena den, Albisuk sekulako eskuinkada eman zion, eta Mariezkurrena defentsan ongi aritu arren, Lasoren erremateak hamabigarrena ipini zuen. Horiek horrela, lehen atsedenaldira lau tantoko aldearekin iritsi ziren Laso eta Albisu (12-8).
Bost tantoko aldea ireki zuten gorriek, eta, Mariezkurrenak, hortaz, bikotearen zama hartu zuen, eta erasoan ere gozatzen aritu zen. Dena den, ezustekoa izan zen: Lasok eta Albisuk elkarren kontra jo zuten, eta Lasok mina hartu zuen ebakuntza egin zioten belaunean. Herren atera zen kantxatik eta alarmak berriz ere piztu zituen.
EZ ZUTEN AMORERIK EMAN
Bikote urdina ez zegoen urrun, eta lau tanto jarraian egin zituen, 4 zenbakidun pilotarekin. Markagailua nabarmen estutu zuten, baina Mariezkurrenak akats egin zuen berdinketa eskura izan zuenean (19-17). Azken zatian Larrazabalek ez zuen akatsik egin. Bikote gorria, aldiz, ez zen fin aritu azken tantoetan eta Larrazabalek eta Mariezkurrenak markagailua irauli eta lehen puntua erdietsi zuten (20-22).
Atzetik joan ziren partida osoan zehar, baina gorriek ez zuten zulo nabarmenik egin. Lasoren kolpeak partidaren norabidea aldatu zuen, behintzat animikoki, eta azkenean Larrazabalek eta Mariezkurrenak irabazi zuten. Larrazabalek urrats bat egin zuen aurrera eta Mariezkurrena Albisu baino gehiago izan zen. Bi faktore horiei esker lehen puntua lortu zuen bikote urdinak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
