Hemisferioa da korolarioa
Dagokigunagatik, Trump 2.0 agintaldiko “National Security Strategy” agiria, haren kidekoak bezala, aintzat hartu beharreko idazkia da. Laburtasunaren abantaila du, gainera: 29 orrialde ditu. Aurrekoak, Biden agintaldiko 2022koak, 80 zituen. Kongresuko Defentsa Nazionalerako Batzordearen iazkoak, 114. Eta dibertigarria ere bada, pasarte askotan, nagusi gorenaren hitzaurre ordainezinetik hasita.
Hala ere, behar adinako arreta eta zuhurtziaz irakurriz gero, trumpismoaren burutapen estrategikoen erakusleiho bikaina da. Ikuskera hori koherentea edo lasaigarria iruditzen ote zaigun bestelako kontua izango da. Europan zalaparta piztu du kontinente zaharrari iragartzen dion akabuzko prospect of civilizational erasure-ak. Spenglerren obraren mendeurrena gogoraraztera datorrela uste genezakeen... haren aditzera badutela sinetsiko bagenu. Zer pentsatu gehiago eman behar liguke aritmetika trauskilak: 2.000 hitz esleitzen dizkio dokumentuak Asiari buruzko atal... nahasi-mahasiari. Europari, Ekialde Ertainari eta Afrikari oro har eskainitakoa baino gehiago. Eta “Mendebaldeko Hemisferioa” deritzon lore baratzeari emandakoaren doblea, kasik. Mendebaldeko Hemisferio hori eta hari dagokion “Monroe doktrinaren Trumpen korolarioa” direnean dokumentuaren benetako ekarpena. Zerbait esatearren.
«Urteetako utzikeriaren ostean, AEBk berretsi eta betearazi egingo du Monroe doktrina Mendebaldeko Hemisferioan estatubatuarron nagusitasuna berreskuratzeko, eta gure aberria eta eskualde osoko funtsezko guneetarako sarbidea babesteko. Hemisferiokoak ez diren lehiakideei ukatu egingo diegu gure hemisferioan indarrak edo bestelako gaitasun mehatxagarriak edukitzeko gaitasuna, edo estrategikoki ezinbestekoak diren aktiboak edukitzekoa edo kontrolatzekoa. Monroe doktrinaren ‘Trumpen korolario’ hau AEBn botere eta lehentasunen berrezarpen zentzudun eta indartsua da, AEBko segurtasun interesekin bat datorrena». 200 urte eta gero, Monroe Doktrina... gainerako edozeri uko egin gabe, noski.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
