Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Esan

Gezurretan, tranpan edota zerbait ezkutatu nahian harrapatutakoan, gehientsuenetan zaila gertatzen da hitzak behar den moduan elkarri josi eta zentzuzkoa den ezer esatea. Badira, ordea, horretarako abilidadea duten pertsonak, zangotrabatu ondoren tenplea mantendu eta aurpegiera apur bat ere aldatu gabe aurrera egiteko gaitasuna dutenak, eta, gezurra maite ez dudan arren, abilezia hori gorrotagarria bezain harrigarria iruditzen zait. Sentimendu bera sortzen dit ezer esan gabe esan eta esan aritzeak.

Orain gutxi mahai baten bueltan eseri gara guretzat serioa den gai bat lantzeko. Ordu erdi baino gehiago eman dugu hitzak elkarrekin juntatzen zituen pertsona baten jarioa entzuten, baina esan, ez digu ezer esan, ez dugu, behintzat, ezer ulertu, ezta lerroartean irakurtzeko ahalegina egin dugunean ere. Hitz egin du, baina ezer esan gabe, desberdinak dira bata eta bestea. Azalpena ematea zegokion, eta egin du, azalpena eman du, baina ezer azaldu gabe. Horretarako apropos entrenatzen dira batzuk, jarioa lantzen dute ahalik eta gutxien esateko, esandako horrek kateatu ez ditzan; badira, ordea, ezer esatekorik ez dutenean estrategia hori erabiltzen dutenak, edota, esango duen hori ez dela gustagarria jakinda, hitz ponpoxo eta aldrebesak erabilita ezkutatzen saiatzen direnak.

Komunikatzeko, esatea bezain beharrezkoa omen da parean dagoenari kasu egitea, entzute aktiboa deitzen diote, baina finean inork hitz egiten duenean kasu egin eta hura ulertzeko ariketa eta ahalegina egitea da, ondoren esango duzun esaldiari itxura ematen aritu gabe. Modu horretan soilik jakin dezakezu parean jarritako pertsonak zer jakin nahi duen eta, areago, zer behar duen edota esaten zaion horrek benetan zer esaten dion. Taldean egon eta aritzeko oinarrizko tresna da alor horretan lanean ari direnen arabera; antza, zaratak, etengabeko estimuluek eta norberaren ahotsaren gehiegizko oihartzunak ez omen digu parekoaren esana behar bezala ulertzen laguntzen. Eta kasu egite horretan, hitzik gabe esaten dena entzutea komeni da, begirada hutsez eta keinuz ere asko esan daitekeelako.