G.I.
HERNANI
BALEARIC

Leku ez diren lekuetan

 

Ion de Sosa gipuzkoarrak “Balearic” estreinatuko du zinematan. Zinemagilearen lehen film luzea, ‘‘Sueñan los androides’’, Berlinalen estreinatu zen 2015ean, eta Estatu espainoleko eta nazioarteko zine jaialdi zein arte zentro askotan aurkeztu zen. Philip K. Dick-en ‘‘¿Sueñan los androides con ovejas eléctricas?’’ nobelaren moldaketa librea da filma, eta bere zinemaren ezaugarri nagusiak biltzen ditu: 16 mm-ren erabilera, enkoadraketa frontala eta irekia, kostunbrismoa zientzia-fikzio ukituekin uztartua, denboraren eta konposizioaren erabilera berezia, eta umore sen oso berezia.

Ezaugarri eta nortasun berezi hori argazki zuzendari gisa egin dituen lanetan ere topa daiteke, Chema Garcia Ibarraren “Espiritu sagrado” edota Irati Gorostiren “Aro Berria” filmetan esaterako. “Balearic” film berriak Locarnon izan zuen mundu mailako estreinaldia, Concorso Cineasti del Presente sailean; sail horretan ikuspegi berezia eta berritzailea duten zinemagileen lanak biltzen dira.

San Juan bezperan girotzen da filma. Luxuzko etxe bateko igerilekuan sartu diren gazte batzuei hiru txakur basatik eraso egingo diete, eta bertan harrapatuta geratuko dira. Bien bitartean, bizilagunak gertuko etxe batean bildu dira udaren hasiera ospatzeko.