GARA
GASTEIZ

Osakidetzak ezarritako murrizketen aurkako elkarretaratzeak

Osasun Publikoaren Aldeko (OPA) herri plataformak elkarretaratzeak deitu ditu Lakuak Gabonetan Lehen Arretan ezartzen dituen «murrizketen» aurka. «Aurten, Osasun sailburuak ‘kontingentzia planak’ edo ‘zerbitzuen berrantolaketa’ gisa definitzen ditu. Baina egiaz, berriz osasun arretarako murrizketak dira: zentro sanitario gehienetan ordutegiak murrizten dira; batzuk hainbat egunetan itxiko dituzte, beste batzuk jai guztietan; eta osasun zentro eta EAG batzuk medikurik gabe arituko dira».

«Ez dira aldi baterako kontua, murrizketa estrukturalak dira. Urtean bost hilabetez aplikatzen dira eta Lehen Mailako arreta, osasun sistemaren oinarrizko zutabea, ahultzen dute, klinika pribatu eta aseguruen alde eginez -azaldu zuen OPAk-. Ezin dugu osasun sistema publikoaren suntsiketa planifikatua normalizatu. Ezta onartu ere, urtez urte, Lehen Mailako Arreta kaltetzen duten murrizketak. Arreta maila honek baliabide ekonomiko eta langile nahikoak behar ditu urte osoan zehar bere funtzionamendu osoa bermatzeko eta osasun duin eta kalitatezkoa eskaintzeko».

Egoera salatzeko elkarretaratzeetara deitu du plataformak: astelehenean (hilak 15) Donostian 18.30ean Egiako merkatuan. Asteartean (hilak 16), 12.00etan Donostian, Groseko anbulatorioan; 12.00etan Barakaldon, San Eloy Ospitalean; ordu berean Sestaon, Markonzagako anbulatorioan; eta Elorrion, osasun zentroan; 18.00etan Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan. Eta hilaren 19an, ostirala, 19.00etan, Larrabetzun, osasun zentroaren aurrean.