Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak interpelazioz eta aldarriz josi du Gasteiz
2023ko Greba Feminista Orokorrari esker indartzen hasi zen Denon Bizitzak Erdigunean dinamika. Horri segida emateko, mobilizazioa egin zuen atzo Arabako mugimendu feministak, beste eragile askorekin batera. «Negozioaren eta pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa» aldarrikatu zuten.
“Negozioaren eta pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa” eskatu zuen Denon Bizitzak Erdigunean dinamikaren mobilizazio jendetsuak atzo, Gasteizen. Interpelazio eta aldarrikapenak egin zituzten hainbat tokitan. Udaletxean, erroldatzeko eskubidea denok dugula aldarrikatu zuten. Olagibelen, atzerritartasun legearen abolizioa, eta erregularizazioa pertsona migratuentzat. Foru kalean Arabako zortzi kuadrilletako landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzea eta deszentralizatzea galdegin zuten; eta San Prudentzio kalean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundean, zaintza langileentzako lan baldintza duinak eskatu zituzten.
Aurrerago, Hezkuntza Sailean, eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak, eskola-zaintza eta eskola-laguntza publikoak eta doakoak izatea exijitu zuten, baita gizarte arrakalarik gabekoak izatea ere.
Arka plazan, gizonei interpelazio zuzena egin zieten, zaintzea beraien ardura ere badela esanez; Legebiltzarrean, pentsio duinak gutxieneko soldatarekin parekatzea exijitu zuten; eta Loma jeneralaren plazan, zis-hetero arauan zentratu gabeko zaintzarantz pausoak ematearen alde egin zuten. Martxa Arabako Foru Aldundian bukatu zen. Bertan, instituzioei exijitu zieten ardura hartzeko.
GREBA FEMINISTA OROKORRA
Ekitaldian, duela bi urte Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintzak iraultzeko mobilizazio prozesu bati hasiera eman ziola oroitu zuten. «Zaintza-erregimen kapitalista arrazista eta patriarkala eraldatzeko asmoz; langile klaseko emakumeak* (eta gero eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuak) zaintza sostengatzen dugunak izaten jarraitzen dugula jakitun; eta guztiok zainduak izateko eskubidea bermatua ez dugula kontuan izanda, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu genuen 2023ko azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean».
Azaldu zutenez, urrats hori eginda, Arabako herri akordio propio bat osatzea erabaki zuten. «Oso argi genuen prozesu hau ezin zela mugimendu feministatik bakarrik aurrera eraman, jendarte guztiari dagokion gaia baita. Hortaz, grebaren prozesuan parte hartu zuten hainbat eragile eta zaintza sistema aldatzeko lanean urteetan dabiltzan beste hainbat kolektibo eta sindikatu batu ginen».
Asanbladak egin zituzten herri eta auzoetan, sektoreka bildu ziren ekarpenak egiteko eta harremanak egin zituzten gaiarekin lotura izan zezaketen kolektiboekin. Lanketa horren ondorio izan da Arabako Herri Akordioa, zaintza publiko eta komunitarioaren aldeko borrokaren bide-orri kolektiboa. Ordutik, borrokarako tresna hori herrialdean zehar ezagutzera ematen ibili dira, eta duela hilabete eskas aldarrikapen taulari atxikimendua eman dieten 130 kolektibo aurkeztu zituzten.
FORU ALDUNDIA
Arabako Foru Aldundiak erantzukizun berezia duela azpimarratu zuten, bera baita zaintzan eskumen gehien dituena. Horregatik, azaroan Arabako Herri Akordioa erregistratu zuten. «Instituzio horretan, Jaurlaritzan bezala, EAJk eta PSEk gobernatzen dute, eta ez diete gure aldarriei inolako arretarik jarri», deitoratu zuten.
Badakite borroka dela euskal zaintza publikoa eta komunitarioa izateko indar baliotsuena. Horren adibide dira CARMEko langileak, hilabeteetako borrokaren ostean zerbitzuan Aldundiak egin nahi zituen murrizketak bertan behera gelditzea lortu dute eta. Eredugarritzat jo dute Arabako erresidentzia pribatuetako langileek azken sei urteetan aurrera eraman duten borroka ere, 60 greba egun bizkarrean, merezi duela erakutsi dutelako.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
