Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Erronken oroigarri, horman

Gabonilean zer eta gabonak! Abenduan zer eta gabonila! Kontuak atera! Urtero datorren ataka-aldia aurten ere hemen. Esan gabe doa ez ditudala gabonak gustuko, udaberrian balira ere! Atakatu egiten nau giroak! Bai, ni ere izan nintzen ume, ustez, nahiz eta gomutan izan ez, eta, garai hartako errege-banda harekin konparatuta, jakina nahiago ditudala Olentzero eta Mari Domingi, gaurko umeen larruan jarrita. Baina hortik kanpo… ataka gaiztoan jartzen nau giroak!

Alde zaharretan jende oldea hona-hara, kaleko erdia bazterreko erakusleihoak beste lepo, gorputzean poltsa gehiago eskuak baino. Eta hiriko erdialdean kale nagusiak orain etorbide orain joanbide bihurtuta, kaletarrek poltsa gehiago eskuak baino. Plastikoak bizi gaitu! Paketeriak beste! Zer erraz eta bizkor erabiltzen dugun visa-txartela, atera-sartu arin eta jarraitu batean. Eta zein zaila duten migratzaile izan nahi dutenek bestelako bisa lortzea! Gabon bon-bon, ase eta bete… Ez nau harritzen arkupeetan jaiotza eszenaratzen duten betiko belen horietako animalia gehienak gaixo egoteak, gabon gaitzak jota, seguruenik, izurritea! Galdezka hasi zaizkit barrenak, Gazako gabonez galdezka hasi, oldeak han ere, ur-oldeak barne! Gabon bon-bon, ase eta bete…

Urte amaiera, bai. Aurrekontuak hegoan, aitzinkontuak iparrean; kontuak zazpietan. Kontuak atera! Euskararenak ere, atera! Garai arraroa sasoi honetakoa. Egutegi berriak sukaldeko horma zaharretan, 2026rako erronken gordeleku, eta etengabeko oroigarri! Ez, ez gara hain onak benetan! Gabonetako atzealdeko ontziteria hura atera betiko mahai gainean ipintzeko, bisitariak bisitari. Eta kamino bazterreko zakar-ontziak bete-bete eginda, ezberdinean beteta ere, sasoian sasoikoa… esan gabe doa ez ditudala gabonak gustuko…