Hizkuntza politika berriaren orubeak sendotzea defendatu du UEMAk
Orain arteko hizkuntza politikak eman beharrekoa eman duela, aldatzeko garaia dela eta erakunde publikoei horri erantzutea dagokiela adierazi zuen atzo UEMAk Etxarri Aranatzen egin zuen Batzar Nagusian. Era berean, «euskarak benetako lege-babesa izan dezan akordioetara heltzeko ahalegin guztiak» egingo dituela segurtatu zuen.

Urte amaierako Batzar Nagusia egin zuen atzo UEMAk Etxarri Aranatzen. Udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzi elkartu ziren Kulturgunean, eta 2025eko balantzea aztertu eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza onartu zituzten.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi zuenez, «amaitzera doan urtea oso garrantzitsua izan da UEMArentzat», eta zenbait mugarri gogoratu zituen. Batetik, maiatzean argitaratutako udal koaderno demolinguistikoak. «UEMAko kide den udalerri bakoitzarena landu eta udal bakoitzari berea eman genion. Euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko argazki eguneratuak dira, eta horrek datuetara ekartzen du herriz herriko euskararen egoera, lanerako lanabes garrantzitsua bihurtuz».
UEMAren eskariz Siadecok egindako ikerketa ere ekarri zuen gogora Aramendik. «Aldaketarik ezean 2036an euskararen egoera zein izango den aurreikusten du proiekzio demolinguistikoak, eta ondorioek alarma gorri guztiak piztu dituzte, arnasguneak desagertzeko bidean daudela erakusten duelako eta oro har arlo guztietan atzerakada zantzuak aurreikusten direlako».
Euskararen aurkako oldarraldia, horrek udalerri euskaldunen jardunean duen eragina, eta epaiak salatzeko UEMAk deituta milaka herritar kalera atera izana ere nabarmendu zuen Aramendik. «Milaka eta milaka herritarrek euskararentzat justizia, lege-babesa eta arnasa eskatu zituzten uztailean udaletxeen aurrean, eta horri erantzutea dagokigu 2026an, behar diren aldaketak adostuz».
Urrian egin zen arnasguneen garrantziari buruzko nazioarteko konferentzia ere oroitu zuen: «Hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneak giltzarriak direla esan ziguten bateko eta besteko adituek, eta ondorio argi batekin amaitu zuten: arnasguneak motor gisa hartuko dituen lurralde estrategia behar dugu, euskara biziberritzeko eta gainbehera iraultzeko».
2026RAKO PLANGINTZA
Horri denari erantzuteko, 2026rako plangintza onartu zuen UEMAren Batzar Nagusiak. Udal zein udalerriak euskalduntzeko ohiko lan-ildoak biltzen ditu, baita lurralde estrategia garatzeko eta arloz arlo lantzeko ekimenak ere. Horrekin batera, «euskarak benetako lege-babesa izan dezan akordioetara heltzeko» UEMAk «ahalegin guztiak» egingo dituela ere iragarri zuen Aramendik.
UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten batzarkideek. Aurrerantzean, beste bi herri dira UEMAko kide: Urdiain eta Zeberio. Horiekin, 120 udalerri izatera heldu da UEMA. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
Kontseiluak heldu den abenduaren 27an Bilbon egingo duen “Euskaraz bizitzeko pizkundea” ekitaldiarekin ere bat egin zuen UEMAk, eta bertaratzeko deia egin zuten alkateek eta zinegotziek.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
