Iker BIZKARGUENAGA
BILBO
HILBERRIA [JOSE MANUEL PAGOAGA, «PEIXOTO»]

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Peixoto”, Jose Manuel Pagoaga, militante abertzale ezaguna hil egin da. Oso gazte zelarik ETAn sartu eta erakundearen ibilbidean aztarna handia utzi zuen, eta herri honen historian mugarri izan diren hainbat gertakari bertatik bertara bizi izan zituen. Estatu-estoldek larri zauritu zuten 1979an.

Izaera kolektibo hain argia duen mugimenduan, non sarritan izen propioak azpimarratzeak lotsa pixka bat eman izan duen, badaude arrasto sakona utzi duten profilak, aho batez aitortuak diren ibilbideak. Peixotorena horietako bat da, zalantza izpirik gabe. Berriki zendu da, gaixotasun luze baten ondorioz.

Bere gorpua Baigorriko beilatokian egongo da gaurtik asteazkenera arte. Azken agurra asteazkenean bertan egingo diote, Baigorriko Xokoa plazan, 15.00etan.

Jose Manuel Pagoaga 1944an jaio zen, Franco buru zuten faxistek, Alemania eta Italia lagun, gerra irabazi eta urte gutxira. Haurtzaroa eta nerabezaroa Arrasateko Musakola auzoko Aranguren baserrian eman zituen, egoera gordina bizi zuen eta porrot giro mikatza nagusi zen gizarte hartan.

Nerabea gazte bilakatzerako, ordea, zerbait aldatzen hasia zen Euskal Herrian, eta berak, aldaketa horren lekuko bakarrik ez, protagonista izatea erabaki zuen. 18 urterekin sartu zen ETAn, herriko hainbat lagun eta auzokiderekin batera, artean erakundea bera ere hasiberria zela. Eta elkarrekin egin ziren heldu, ezinbestean. Frankismoa azken hatsa ematetik urrun zegoen oraindik, zurrun eta indartsu, baina hala ere, edo horregatik, zapalkuntza eta errepresioa iraultzaren ongarri direlako, euskal gazte askok hartu zuten bide hura.

GRINA PIZTU

Peixotok berak, GARAko orrialdeetan 2021ean egindako elkarrizketan, horrela kontatu zuen nola egin zuen borrokarako hautua: «Baserritarrak ginen eta lehen borroka, nahiko latza, euskararekin izan zen. Zeren guk euskara erabiltzen genuen egunerokoan. Eta berehala etortzen zen bat ‘habla en cristiano’ esanez. Baina berehala sartzen zen adinekoren bat gure alde. ‘Zer diozu? Bere hizkuntzan ari da’. Orduan konturatu ginen ez geundela bakarrik. Adineko gizonak gure alde azaldu zirenean izugarrizko eragina izan zuen guretzat. Arrazoia ematea bezala izan zen; jendea bazegoela horren alde egin nahi zuena. Bide horretan saiatzeko grina piztu zigun. Beraz, abertzaletu naiz euskararen eskutik».

Euskararekin abertzaletu eta ETAn sartzeko urratsa egin zuen, orduan. Hasieran tamaina txikiko ekintzekin aritu ziren -dirua bildu, esku-paperak banatu, pintaketak egin...- eta, geroxeago, ikurrinak jartzen. Jauzi handia, aro itogarri hartan.

Urte horietan erakundeak gorabehera asko izan zituen, ideologikoak eta antolakuntzari zegozkionak, kolektibo baten definizio prozesuari lotuta egon ohi diren xextrak. ETAren V. Biltzarrean (1966an) Peixotok auzi nazionala lehenetsi zuen taldearekin bat egin zuen, baina erakundearen zatiketa gauzatu eta gutxira atxilotu zuten. Ez zuen, dena den, denbora asko eman gatibu, eta ateratakoan Ekuadorrera joan zen. Bere hitzetan, formazioa sendotzeko xedez.

1971n itzuli zen. Ordurako arras desberdinak ziren Euskal Herria eta erakundea. Denbora tarte horretan, besteak beste, Meliton Manzanas polizia torturatzailearen aurkako ekintza egin zuen ETAk, aurrez prestatuta norbaiten heriotza eragin zuen lehena, eta nazioartean oihartzun handia izan zuen Burgosko Prozesua izan zen, frankismoak indar erakustaldi gisa pentsatu eta azkenean bueltan etorri zitzaion epaiketa. Errepresioa askoz bortitzagoa zen, eta ordurako armatua zen erakundearen erantzuna, askoz indartsuagoa.

Gatazka beste fase batean sartuta zegoen, beraz, eta testuinguru horretan ETAk beste zatiketa bat izan zuen, milien eta polimilien artekoa, urte horiek bakarrik ez, frankismoaren ostekoak ere erabat baldintzatuko zituena.

Pagoaga miliekin lerratu zen, eta sasoi horretan burkide izan zituen, besteak beste, Eustakio Mendizabal “Txikia” -hainbat ekintzatan elkarrekin aritu ziren, Mendizabal 1973ko apirilean hil zuten arte- Txomin Iturbe eta Jose Miguel Beñaran “Argala”, herri honen historian merezitako txokoa duten militanteak.

TELESFORO MONZONEKIN

Argala lagun zuela bilerak egin zituen Peixotok norekin eta Telesforo Monzonekin. Bergararra, Jose Antonio Agirreren Gobernuko kide karismatikoa, Ipar Euskal Herrian errotu zen Mexikotik bueltatutakoan, eta errefuxiatu belaunaldi berriarekin harremanak ehundu zituen.

«Monzonek zerbait garrantzizkoa zuenean hitzordua eskatzen zigun eta bi lagun izaten ziren hautatuak berarengana joateko. Halako batean Argala eta biok bidali gintuzten. Sartu eta berehala hasten zaigu oso bero hitz egiten KAS Alternatibaz. Gu txundituta. Txundituta ez, oso pozik. Bukatzeko horrela esaten digu: ‘Uste dut hemendik aurrera zuen eskutik ibili behar naizela’». Horrela azaldu zuen, duela lau urteko elkarrizketa horretan, Monzonek eurekin bat egin zuenekoa. Hori ere, mugarritzat har daitekeen erabakia zen, nolabait bi aro, bi belaunaldi, borroka bakarrean biltzen baitzituen.

BORROKA GIROA

Hain zuzen, borroka giroa erabatekoa zen 70eko hamarkadako Euskal Herrian; sutan zeuden kaleak eta irakiten barrenak. Eta estoldak ere, bor-bor. Triple A, ATE eta BVE hizkien atzean ezkutatuta, Estatuko botereak euskal errefuxiatuei erasotzen hasi ziren Ipar Euskal Herrian bertan. Hainbat heriotza eragin zituzten urte horietan, Argalarena kasu, 1978ko abenduaren 21ean.

Argalak berebiziko garrantzia izan zuen Carrero Blanco militar faxista eta espainiar presidentearen aurkako ekintzan -Etxamendi eta Larralderen doinuz eta letraz herri honek gogoz ospatu zuena-, eta handik bost urtera bonbaz hil zuten Madrilek ordaindutako mertzenarioek Arrigorriagako militante sonatua, Monzonen ustez Euskal Herriko lehendakari aproposa izango zena. Galera handia izan zen ETArentzat, baita kide eta lagun min zuen Peixotorentzat ere.

ATENTATUA

Baina arrasatearra ere ez zen heriotzatik urrun egon. Handik hiru astera, 1979ko urtarrilaren 13an, bere kontrako atentatua izan zen. Hil, ez zuten hil, baina erasoaren ondorioz ikusmen gehiena galdu zuen, eta eskua oso kaltetuta geratu zitzaion.

Ikusmena galdua izanagatik ere, gauzak oso argi ikusi edo sumatu izan ditu beti Jose Manuel Pagoagak, eta haren hitzak adi entzun edo irakurri izan dituzte lagunek, gertukoek eta aurkakoek. «Euskaldunon erronka nagusia oraindik elkar hobeto ulertzea» dela nabarmendu zuen azken elkarrizketa horretan.

Eta hau esanez borobildu zuen solasaldia: «Bide luzean gaude, oso luzean, eta pausoz pauso joan beharko dugu. Gakoa da pauso bakoitzean asmatzea. Ni optimista naiz herrian sinesten dudalako eta ikusten dudalako herri-gogoa sendotu egin dela eta zabaldu egin dela; Iparraldean, inongo zalantzarik gabe. Baina hori neurtzeko metrorik ez dago; nire sentipenak dira».

Sei hamarkada luzeko borrokak zizelkatutako bihotz baten sentipenak, alegia. Eta hori bada zerbait.