Tabuak eta estigmak apurtzen

Ikusleari oharra: “Silencio” ez da ohiko beldurrezko telesail bat, eta litekeena da ez izatea ikusleria zabalari zuzendutako obra bat. Eduardo Casanovaren lana ezagutzen dutenek ongi dakite zein berezia den bere estiloa eta forma. Kasu honetan banpiroaren iruditeria eta komedia uztartu ditu, drama sozialarekin eta queer sentsibilitatearekin bat eginez, historikoki isilaraziak izan direnei ahotsa emateko.
Beldurraren, gaixotasunaren eta estigmaren historia soziala zalantzan jartzeko, narrazioa bi garai desberdinetan kokatzen da: XIV. mendeko Izurri Beltzaren itzaletan eta laurogeiko hamarkadako Estatu espainoleko GIB/hiesaren epidemian.
Etsaitasunezko mundu batean ezkutatuta bizirautera behartutako ahizpa banpiro batzuen bidez, Casanovak iradokitzen du benetako izua ez dela gaixotasuna, baizik eta gizarteak ezartzen duen isiltasuna. “Isiltasun” hori seriea zeharkatzen duen ardatz metaforikoa da. Telesailak erakusten du isiltasun soziala, batzuetan, birusa bera baino suntsitzaileagoa izatera irits daitekeela.
Banpirismoa metafora queer eta sozial gisa erabiltzea oso eraginkorra da. Banpiroak -emakumeak, marjinatuak, ezberdinak- protagonista bihurtzean, telesailak tradizioz maskulinoa izan den generoaren kanona irauli egiten du, eta paralelismo argia marrazten du historikoki jazarriak izan diren kolektiboekin.
Proposamena zinez interesgarria eta indartsua da, baina ahulgune nabarmen bat izango du: hogei minutuko hiru zatitan banatua, formatu laburrak pertsonaien arku emozionalak eta irudikatzen diren testuinguruaren konplexutasunak sakonki esploratzeko aukera mugatzen du.
Telesail bat baino gehiago, luzatutako film labur baten esentzia du lanak, eta guztia ia modu anekdotikoan iritsiko zaio ikusleari, sakontasun urriarekin. Gaia hain bortitza izanik, guztia oso azalean geratzen da.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
