Urdaibai? Urdaiez!
Behin batean hiriburuko nonon bazuten asmoa periferiako nonon zeozer egiteko. Asmoa izan bazuten behinik behin, baina ez edozein. Museo bat erein gura zuten, zati biko museo bat, non eta biosfera erreserba izendatua zuten lurralde batean; zementuak lurra biziberri beza! Eta hiriburutik asmo hori hortxe lekutu gurarik mobilizatu zuten euren erreserbista taldea. Guggenhegin nahi zuten erein, kosta ahala kosta, estuarioa ahala estuarioa, erreserba ahala erreserba, baina egin. Hain zeuden, ustez, seguru, non Gehienheim deitzen zuten bulegoko bilera lasaietan. Usteak ustel, honetan ere! Total, Guggenhegin bai, bai, bai, baietz, Urdaibai… jakina, noski, prefosta! Eta azkenean ez, ezina, gaizki, prefostia! Ezetz! Hortaz, Urdaiez! BBB irakurri dut prentsan, patronatuko patronalak asmoa izan zuena bertan behera utzi izanaren inguruan. Bizkaiko Buru Batzar? Ez, Behin Betiko Baztertua. Ia zein duten okurrentzietan hurrena! Baina titanioak itxaron beharko du bere gordailuan, itxarote zerrendan. Gauzak horrela, patronatukoak hasiak dira Santa Ageda entseatzen… hiriburuan.
Eta ipar-hego hainbat hiriburu lotzen dituen autopistan bestelako itxarote zerrendak. Kolpea gero! Hau mundu aldrebesa! Periferiako traktore ilarek errepidearen erdia hartuta eta hiriburutik hiriburura doazen kamioiek bazterrak hartuta, ilara geldian hauek. Bertoko abeltzainak biziki kexu bertatik bertara, lurretik lurrak emana defendatuz. Eta denbora berean hiriburuan kontsumo iraunkorrean jo eta ke kalez kale, erakusleihoak xurga-argi, gutxienez iazko erosketa maila iraunaraziz. Kontsumo arduratsua balitz sikiera! Kantoiko jaiotzan arazorik ez, aterpeko animalia guztiek dermatosirako txertoa hartuta, abeltzainenak ez bezala. Eta ondoko zuhaitzetan hainbat txori elektrokutatuta, buruz behera… Azokara noa!

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
