Eskuin muturrak hautagaitza zerrenda osatu du Baionan
Pascal Lesellierrek baieztatu duenez, «Unis pour Bayonne, l’Alternative»-k hautagaitza osatzeko behar zituen 45 kideak lortu ditu. Beraz, eskuin muturrak eskaintza eginen du herriko bozetan.

Bilgune Nazionala (RN), Reconquete, Errepublikaren Aldeko Batasuna eta Via alderdi demokristaua. Horiek dira Baionan eskuin muturreko hautagaitza aurkezteko engaiatu diren alderdiak edo, hobeki esanda, alderdietako kideak.
“Unis pour Bayonne, l’Alternative” izena hartuko du zerrendak, eta, horren buruak adierazi duenez, jadaneko lortu ditu hautagaitza osatzeko beharrezkoak diren 45 kideak. Beraz, eskuin muturrak eskaintza eginen du herriko bozetan Lapurdiko hiriburuan.
«Horrela izanen ez balitz, ez nuke eskuorri hau aterako», erran zuen iragan ostiralean, ironia puntu batekin, Pascal Lesellier zerrendaburuak; orain postu horiek finkatzeko lanean ari dela gaineratu zuen. Bere kalkuluen arabera, 45 kidez osaturiko zerrenda bat osatzeko «50 eta 55 izen artean» bermatzea komeni da, hauteskundeak iritsi arteko bidean baten batek atzera egin baitezake. Hamar bat lagun bidean galdu ondotik, eskarmentua baduela aitortu du. «Pertsona batzuk izena eman ondoren desagertu dira. Oso eskuinaldera, edo zuzenean eskuin muturrean, kokatzen zarenean halakoak gerta daitezke, nahiz eta gero eta gutiagotan pasatzen den», gaineratu du hautagaiak.
Kanpainaurreari ekiteko prestaturiko agirian irakur daiteke aipaturiko alderdietatik heldutako kideek osatzen dutela hautagaitza. Haatik, alderdi horien logoak ez dira agertzen. Marine Le Penen alderdiaren babes ofiziala ez duela jaso baieztatu zuen Pascal Lesellierrek. Bere erranetan, beste alderdiekin batu izana ez du ontzat eman RNko zuzendaritzak. «RNk agindu zidan zerrenda bat osatzeko, baina ez naute babestu Reconquete alderdiko kideak zerrendan sartu ditudalako», zehaztu zuen.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
