GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
FATHER MOTHER SISTER BROTHER

Jim Jarmuschen triptiko emozionala

Iragan Veneziako Zinema Jaialdiko aurreikuspenetan “The Voice of Hind Rajab” filma goian ageri bazen ere, Jim Jarmuschen “Father Mother Sister Brother” gailendu zen, eta, hain zuen ere, azken horrek eskuratu zuen Urrezko Lehoia.

Filmak hiru atal ditu, gertaera beraren inguruan egituratzen direnak: familia bateko kideen berrelkartzea. Dagoeneko helduak diren anai-arreba batzuek, urte luzez elkar ikusi gabe egon ondoren, berriro egingo dute topo. Horrek, konpondu gabeko tentsioei aurre egitera eta emozionalki urrun dauden gurasoekin dituzten harreman tirabiratsuak berriro aztertzera eramango ditu.

Hiru istorioetako bakoitza gaur egun girotua egongo da, baina munduko herrialde desberdin batean gertatuko da: “Father” AEBn, “Mother” Dublinen, eta “Sister Brother” Parisen.

Izar ugari batzen ditu Jarmuschen “Father Mother Sister Brother” film honek, eta horien artean daude Tom Waits, Charlotte Rampling, Cate Blanchett, Adam Driver eta Vicky Krieps.

Filmak pertsonaiak erdigunean jarriko ditu eta patxadaz garatuko da istorioa.

AUTOBIOGRAFIKOA?

Dirudienez, Jim Jarmusch bere familiako esperientzietan inspiratu da pasarte batzuk idazteko. Hala azaldu du: «Nire familiari buruzko hainbat gauza dibertigarri eta interesgarri sartu ditut gidoian, hala nola hirugarren istorioko bikiak, Indya Moorek eta Luka Sabbatek antzeztuak. Nire ama eta bere anaia bikiak ziren, eta telepatikoki konektatuta zeudela ematen zuen».

Hala ere, zuzendariak argitu du: «Oro har, ez da istorio autobiografikoa. Egia esan, ez dakit zergatik idatzi nuen. Oso intuitiboa naiz lanean ari naizenean, ez analitikoa. Normalean, ideiak nirekin izaten ditut urte batez edo biz, eta gero oso azkar idazten dut gidoia. Kasu honetan, ideiak hilabeteak zeramatzan nirekin eta, bat-batean, gidoia oso azkar idatzi nuen».