GARA
DONOSTIA

Uvescoren %100 erosi du inbertitzaile talde batek PAI Partnersekin akordioa lortuta

Euskal Herriko inbertitzaile talde batek akordioa sinatu du PAI Partners funts frantziarrarekin, BM eta Super Amara supermerkatuen jabe den Uvesco enpresaren %100 bereganatzeko. Datorren urteko lehen hiruhilekoan espero da salerosketa operazioa behin betiko ixtea. Estatu espainol osoan 7.000 pertsonatik gorako lantaldea dauka Uvescok eta 344 egoitza ditu.

Uvescok Irunen duen egoitza.
Uvescok Irunen duen egoitza. (Gorka RUBIO | FOKU)

Inbertitzaile pribatuen Euskal Herriko partzuergo batek, Uvescoko CEO Angel Jareñok gidari lanak egin dituela, akordioa sinatu du PAI Partners funts frantziarrarekin, banaketa talde horren %100 eskuratzeko. BM supermerkatuak eta Super Amara marken jatorrizko enpresa da Uvesco.

2026ko lehen hiruhilekorako dago aurreikusita operazioa behin betiko ixtea, horrelako prozesuetan ohikoak diren izapide administratiboak bete ondoren, Uvesco taldeak berak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. 344 egoitza eta 7.000 beharginetik gorako lantaldea dauzka.

Euskal Herriko inbertitzaileen talde horrek 700 milioi euroko eskaintza itxi zuen azaroan Uvesco taldea erosteko, errotzea bermatzeko eta beste erosketa aukera batzuk eragozteko, Carrefourrek bere garaian mahai gainean jarri zuena kasurako -azkenean ez zen aurrera atera-.

TOKIKO JABETZA BERRESKURATZEKO MODUA

PAI Partners duela lau urte sartu zen Uvescon -zehazki, 2021eko abenduan-, kapitalaren %70 baino gehixeago eskuratu ondoren. Euskal Herriko inbertitzaileen taldearekin funts frantsesaren irteera adostuta, egoitza Irunen duen taldeak tokiko jabetza berreskuratuko du.

Funts frantziarrari partaidetza erosi ostean, Angel Jareñorekin batera, honako hauek osatuko dute partzuergoa: Uvesco taldearen familia sortzaileak, Stellum Capital, Inveready eta Indar Kartera -azken hori Kutxabankek bere inbertsioak kudeatzeko sortutako taldea da-.

Partzuergo eroslearen aholkulari orokor lanetan Ocean Capitalek eta Evercorek hartu dute parte; legeriaren atalean, berriz, Clifford Chance eta EY aritu dira.

Akordio honekin «Uvescoren negozio ereduaren sustraitzearen, jarraitutasunaren eta epe luzeko hazkunde iraunkorraren aldeko apustu garbia» egin da, prentsa oharrean nabarmendu dutenez. Eta, aldi berean, «bere sorrerako balioekin bat datorren» enpresa proiektua finkatuko da, taldearen arabera.

HAZI, BATETIK; KALITATEA ETA KONPROMISOA, BESTETIK

Uvescok nabarmendu du supermerkatu kopurua handitzeko «bokazio argia» duela, hedapen geografikoaren alde egiten duela eta «kalitatezko enpleguaren» aldekoa dela bere apustua, «konpromiso sozial eta jasangarriarekin».

Erroak Gipuzkoan dituen taldeak 344 egoitza, e-commerce zerbitzua eta lau lantegi logistiko ditu, eta Euskal Herrian ez ezik, Madrilen, Avilan, Guadalajaran, Kantabrian eta Errioxan ere jarduten du, guztira 7.000 langilerekin baino gehiagorekin.

Uvesco taldeak %10,6ko errekor hazkundea lortu zuen 2024an salmentei dagokienez: 1.186 milioi euro denera.

Irungo alkate Cristina Labordak ere hitz egin du salerosketaren gainean. Bere hitzetan, «albiste bikaina» da euskal partzuergoak Uvesco erosi izana, «bai ikuspegi ekonomikotik, bai enpleguari dagokionez». Izan ere, «proiektuaren etorkizuna ziurtatu eta enpresaren jarraipena bermatzen du, sustraitzeari eutsiz eta hiriarekin duen lotura historikoa indartuz».