Euskararen aldeko ekimenak Leitza eta Doneztebeko osasun etxeetan
Nafarroako Gobernuak proiektu pilotuak egin ditu Doneztebeko eta Leitzako osasun etxeetan, haien hizkuntza ezaugarriak eta beharrak aztertu, euskararen erabilera hobetzeko jarduerak planteatu eta herritarrei ematen zaien arreta elebiduna hobetzeko.

Euskararen erabilera handitzeko asmoz, Nafarroako Gobernua proiektu pilotuak egiten ari da eremu euskalduneko osasun zentroetan. Haien hizkuntza ezaugarriak eta beharrak berariaz aztertu, euskararen erabilera hobetzeko jarduera zehatzak planteatu, eta herritarrei ematen zaien arreta elebiduna hobetzea da helburua. Ekintzak Euskarabidearekin batera egin dira, Osasun Departamentuaren Hizkuntza Planaren barnean.
Doneztebeko osasun etxean egin zen lehendabiziko pilotajea, 2022an, eta 2023ko abendutik aurrera Leitzakoan landu dute. Proiektuak euskararen erabilera handitzen eta zabaltzen lagundu duela erakutsi dute emaitzek bi kasuetan, bai lantaldearen barnean eta bai pazienteekin jarduterakoan.
Doneztebeko osasun zentroan, dinamika hasi aitzinetik euskaldunen %53 baino ez ziren euskaraz mintzatzen. Esperientzia bukatu eta segidan, %72k egiten zuten euskaraz, eta handik denbora batera, %66an mantendu da erabilera.
Leitzari dagokionez, %22 handitu da euskararen erabilera. %64k hitz egiten zuten lehen; orain, berriz, %86k.
MINTZASAREA PROIEKTUA
Mintzasarea deitzen da gauzatu duten proiektua edo ariketa. Talde dinamika bat da; parte hartzea borondatezkoa da eta horretarako gutxieneko euskara ezagutza behar da. Taldearen hizkuntza ohituretan eragitea du helburu. Horretarako, euskarari eutsiko dioten pertsonak izendatzen dira: eusleak. Leitzako osasun zentroko hamalau langilek hartu dute parte eta hizkuntzaren erabilera neurtu da taldearen eguneroko lan naturalean.
Oinarri horretatik abiatuta, eta Elhuyarrek egindako aholkularitza lanarekin, lantalde bat eratu da proba pilotua diseinatu eta garatzeko. Hainbat lanpostutako profesionalek osatu dute taldea (erizainak, medikuak, administrariak, psikologoak…), zentroan sortzen diren ahozko harremanetan eragiteko helburu nagusiarekin.
Partaideek modu positiboan baloratu dute Mintzasarea proiektua, besteak beste, kanpoko harremanetan ez ezik, langileen arteko harremanetan ere euskararen erabilera areagotzeko, euskararen erabilera datuetara ekartzeko eta modu objektiboan aztertzeko balio izan duelako.
Hizkuntza plangintzarekin lehentasunak ezarri, eta Administrazioan euskararen normalizazioan aurrera egin nahi duela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Beste helburu batzuen artean, beharrezko neurriak hartzea aurreikusten du arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonek hala egin ahal izan dezaten.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
