Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Kristauak

Bere jendearen kontrako genozidioa hasi zenetik, ohitura du Sliman Mansourrek Eguberri aurreko egunetan Gabonetako irudi ikoniko jakin batzuetatik abiatuta (Jesusen jaiotza Belenen, familia sakratua) azken urteetan sortu dituen margolanak gizarte sareen bidez zabaltzea. Pintura kristauan ezagunak diren eszenei ukitu garaikidea eman ohi die artista palestinarrak, Jesus eta bere familia bezala gaur egungo palestinarrak beren lurraldean bertan errefuxiatu bihurtu dituztela gogorarazteko. Badira Mansourren margolanek azalarazten dituzten beste bi kontu: batetik, lehendabiziko kristauak palestinarrak beraiek izan zirela azpimarratzen dute eta bestetik, ohiko bihurtu den ekuazioa (palestinarra = arabiarra = musulmana = terrorista) ezeztatzen dute palestinarren erlijio aniztasunari helduta. Izan ere, palestinarren artean daude musulmanak, kristauak (ortodoxoak, erromatar katolikoak zein ekialdeko katolikoak), samariarrak, drusoak eta baha’i fedekoak.

Palestinarren eta kristau fedearen arteko loturari heldu diote Eguberriak ospatzen dituzten hainbat herrialdetan, espazio publikoetan jarri ohi dituzten jaiotzetan (Jesus ganbela batean jaio osteko unea irudikatzen duen eszena) Jesus kufija batekin jantziz zein Jesusen iruditxoa jaiotzatik kenduta, genozidioko biktima nagusietako batzuk haurrak beraiek direla gogorarazteko.