Panpi OLAIZOLA
LABORANTZAREN SEKTOREA

Aitzineko urteak bezala, 2025a ere urte neketsua izan da laborantzan

Urtarrilean, laborantza ganbaren bozen garaian, Ainhize Monjolosen «jende multzo polita» bildu zela Euskal Herriko Laborantza Ganbararen hogeigarren urtemuga ospatzeko oroitaraziz abiatu du amaitzear den urtean laborantzan izan diren gertakariak biltzea xede duen artikulua Panpi Olaizolak. Laboraria eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako bulegoko kidea da Olaizola.

(Patxi BELTZAIZ)

Urtarrilaren 18an, laborantza ganbaren bozen garai bete-betean, jende multzo polita bildu zen Ainhize Monjolosen, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen hogeigarren urtemuga ospatzeko. Eragile desberdinen lekukotasunen bidez, tokiko laborantza herrikoia sostengatzen duen egituraren lana argirat emana izan zen eta egitura horren beharra berriz ere azpimarratua. Urte berezia izanik, urtarrileko hitzorduaz gain, apirilaren 5ean ospakizun berezia antolatua izan zen Heletan, etxalde bisita eta bazkari goxo batekin.

Sei urtez behin gertatzen den bezala, urte hastapena nahiko sindikala izan zen. Urtarrilaren 31 aitzin laborari eta laborantzako langileak laborantza ganbaretako bozetara deituak ziren. Kanpaina aitzineko urte hondarretik hasita baldin bazen ere, urtarril osoan ekitaldiek zein hitzartzeek sindikatu bakoitzaren ikuspegi edo bilana oroitarazteko balio izan zuten.

Kontaketa bereziturik ez izanki Ipar Euskal Herriko lurraldearentzat, betiko zifren interpretazioa izan zen sindikatuen aldetik. Baina hurbilagotik so eginez, iduri luke ELBk lukeela bozen gehiengoa bereganatu aldi honetan ere.

Coordination Rurale sindikatuak jauzi handia egin du departamenduan, %8tik %21era iganez; FDSEAk anitz galdu du, %54tik %45era jausiz; Biarnoko Confederation Paysannek %13tik %10era izan du apaltzea, eta ELBk ere ttipitzea bizi izan du, %24tik %22ra jausiz. Hala ere, bildu dituen 1.094 bozekin eta adierazi botoen heina ikusiz, ELB sindikatua Ipar Euskal Herriko lehen indar bezala agertzen da, %48ko emaitzarekin.

Bozen ondotik pausa guti izan zen laborarientzat. Urte hastapeneko behien tuberkulosi kasuek mobilizaziora behartu zituzten laborariak. Kasu berriek kezka handia sortu zuten, bereziki Zuberoan, eta negoziazio luzeen ondotik, ELB sindikatuak protokolo berri baten onarraraztea lortu zuen, behi tropa guzien hiltzea saihestuz.

Behiak ez dira kaltetuak izan diren kabala bakarrak zoritxarrez. 2024ko udazkenean bezala, gure lurraldeko artalde gehienek FCO eritasunaren kalteak ezagutu dituzte. Ardi anitz hil baziren ere hastapen batean, iduri luke martxan ezarria izan den txertatze kanpainak emaitzak ekarri dituela, eta hiltzeak kasik desagertu egin dira udatik goiti.

Abereen zaintzea ez da aski, lurra ere zaindu behar da beti! Bada, iragan urte honek, erakutsi digu zer zaila den hazten gaituen lurra babestea! Ekintzak, auziak, elkarretaratzeak... Marienia kasua izan da aurten mobilizazio handienak eragin dituen dosierra. Auzibide desberdinak lur suntsitzaileen alde joan badira ere, borrokak segitzen du eta laborari eta kontsumitzaile erneek ez dute amore emateko asmorik.

Berri onak ere izan dira 2025ean, eta azaroan iragan den Lurramaren hogeigarren edizioak horietariko bi nabarmendu ditu. Aurten Euskal Herriko zazpi lurraldeak ohoratuak izan dira, eta parada izan da euskal sagardoen sor-markaren berri hartzeko. Lehen aldikoz sor-marka batek “mugaren” bi aldeak elkartuko ditu. Oraino hilabete batzuk zain egotea beharrezkoa izango bada ere, laster ikusten ahalko dugu europar zigilu ospetsua gure sagardo botiletan.

Lurraman Herriko garagardoa dastatzeko aukera ere izan zen. EHLGk lagunduriko lan luze baten ondotik, Iparraldean ekoitzitako garagarrarekin egin garagardoa merkatura heldu da aurten, eta Lurramako ostatu desberdinetan izan zen horren atzemateko lehen aukeretariko bat.

Baina bizi guzia ez denez besta, urte hondar honek zeru ilunagoa ekarri du berriz laborantzara. Berriz ere eritasun kezkagarria hurbiltzen ari zaigu behietan. Departamenduan ez bada oraino kasurik, behien dermatosiak beldurra eta haserrea sortzen ditu.

ELB eta CR sindikatuetako ordezkariek ez dute batere onartzen Estatuak ezarri protokoloa. Ez dute nahi behi tropa guziak hiltzea kasu batengatik, eta etxalde batzuen defendatzeko unean gertatu errepresio bortitzak bazterrak oraino gehiago inarrosi ditu. Esperantza dugu txertatzeak eta beste zaintza neurriek egoera hobetuko dutela.

Laborantzak nahiko lan du eguneroko zailtasunen aurrean indarrean segitzeko. 2026a arinago izan dadila. Gure laborariek urte errazagoa bizitzeko esperantza dugu!

* Artikuluaren egilea laboraria eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako bulegoko kidea da.