Aurrera begira, herritarrekin eskutik, euskararen alde
Duela sei hamarkada euskarak bizi izan zuen berpizkundea garaiko testuinguru soziopolitikoan ulertu behar da: frankismoaren aurkako euskal erresistentzia-mugimenduetan, haien estrategietan eta militantzian.
Bestela, errebisionismoan eta nostalgian erortzeko arriskua dago. Eta orain nagusitu behar luketena, hain zuzen ere, estrategiak eta militantzia dira. Hori bai, anbizio berrituekin eta aro garaikidera egokituta.
Euskararen aldeko egituren hedapenarekin batera, estrategia haren giltzetako bat euskal herritarra izatea zer den definitzea izan zen: Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsonak. Mugimendu horrek euskal auziaren lubakia hamaika metro aurrerago kokatu zuen. Migratzaileei herriaren atea zabaldu zien, baita euskarari lehio bat ere. Arrazismoak indar handia duen garai honetan, ideia horiek aldarrikatzea funtsezkoa da. Euskaldun eta euskaltzale kategoriekin batera, euskal herritarrak funtsezko zeregina betetzen jarraitzen duelako herrigintzan.
Soziolinguistikaren alorrean, Euskal Herriak errealitate oso desberdinak bizi ditu; diagnostiko bereziak, egokitutako estrategiak, segmentazioa, diskurtso konplexuak eta mezu sinpleak behar ditu, agian. Oreka ez da erraza. Ez da hau euskarak bizi izan duen egoerarik tragikoena, baina ez dago inolako harrokeriarako arrazoirik ere. Hizkuntza larrialdia errealitate baten deskribapena izan daiteke, baina eraginkorra izateko erantzukizunarekin eta konpromisoarekin batera joan behar du.
Balantzeak zintzoak izan behar dira. Zenbait esparrutan atzerapauso nabarmenak daude. Erasoen aurrean tinko mantendu behar da. Beste arlo batzuetan, berriz, euskal kulturaren berpizkundea gertatzen ari da jada, atzo Bilbon egiaztatu zen bezala.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
