Eli PAGOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Amaia Recarte
Tomasenea baserriko proiektuaren koordinatzailea

«Egur zaharra lantzeak teknika berezia dakar, askoz malguagoa delako»

Baserriberri ekimenaren bidez, Dantxarineko Tomasenea baserria birgaitu dute. Proiektuak hiru ardatz izan ditu: formazioa, enplegua eta birgaitzea, eta, ardatz horiek bete ahal izateko, material didaktiko eleaniztuna garatu dute. NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, Amaia Recarte Tomaseneko koordinatzaileak proiektua zertan datzan azaldu du.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Dantxarinean dago Tomasenea baserria, muga-mugan, zer eta mugaz gaindiko proiektu bat egiteko bertan. Urtebetez, baserriaren birgaitze lanetan aritu dira formakuntza lortzea helburu zuten arotzak, hasiberriak batzuk eta zailduxeagoak besteak. Amaia Recartek, proiektuaren koordinatzaileak, azaldu duenez, formakuntzan parte hartu duten hamalau ikasleek Iparraldean zein Hegoaldean aitortutako ziurtagiria jaso dute.

Baserri tradizionalen egitura egurrezkoa izan ohi da. Birgaitzeko orduan, zer egiten da?

Hasiera batean egurra datatzea erabaki dugu. Beraz, formazioaren parte izan da baserrien egituraren ezagutza barneratzea eta egurra datatzen ikastea. Ondoren, formakuntzaren barruan, teilatua desegin da ikasleak lanean hasi baino lehen. Teilatuko egurra garbitu behar izan dute, helburua baitzen, ekonomia zirkularra ardatz, baserrian zegoen ahal bezain beste egur berrerabiltzea. % 60tik gora egur berrerabili da, batez ere gaztaina edo haritza, egur polita. Ondotik, edukiak jaso dituzte: egur moten sailkapena, neurriak nola hartu eta beste. Lanean hasi direnean neurketak eta eraikuntzak egin behar izan dituzte. Noski, berezitasuna da egur zaharra lantzeak teknika bat eskatzen duela, askoz malguagoa delako eta egur berria lantzearen desberdina delako. Egurraren norabidea ere landu da, ezin baitzaio egitura batean edozein zentzu eman; erabili beharreko tresneria ere landu dugu. Hainbat konpetentzia jaso dituzte ikasleek, gaur egun beren lanetan aplikatzen dituztenak.

Zertan izan da berrerabilia ateratako egurra?

Erabilia izan da taulak egiteko, eta horiekin lehen solairua egin da. Teilatu azpiko babesa ere egin da, eta, gero, kanpoko ateak ere egur horrekin egin dira, hasiera batean hala aurreikusia ez bazegoen ere. Barneko ateak ere ari dira egiten, baina, momentuz, ez daude bukatuta.

Gero, egia da ere tailer lanerako egurra behar dela, eta saiatu gara ahal den neurrian baserriko egur hori erabiltzen lan horiek egiteko.

Egokitze lan handia eskatzen du egur berrerabiliak?

Garbitu egin behar da, leundu egin behar da, tratatu, eta mozteko prozesua berezia da. Lehen norabidea aipatu dut, eta hori ere kontuan izan behar da: zutik ematen duzun, iparrari edo hegoari begira… Gero, egurrik egur, eskuarekin praktikan ikusten duzu zer behar duen.

Hiru administraziok eta bi estatuk eragiten dieten ikasleak izan dituzue.

Partzuergoak hainbat ekintza aurrera eraman behar zituen eta horrek eskatzen du elkarlan handia. Adibidez, hezkuntza departamenduek eta ikastetxeek helburu zuten ikasleek zertifikazio bikoitza jasotzea, hau da, Iparraldeko zein Hegoaldeko tituluak jaso behar zituzten. Hasieran, pentsatua zen ikasleek jasoko zutela bigarren mailako ziurtagiri profesional bat, baina, azkenean, formakuntzaren edukia hain interesgarria izanik, uste genuen saiatu behar genuela harago joaten. Beraz, ikasleak atera dira zurgintza mailako C graduko modulu profesional guztiak onetsita, hau da, lehen mailako ziurtagiri profesional baten pareko titulazio batekin. Erdi mailako D graduko modulu gehienak ere gaindituta dituzte, eta, nahi izanez gero, erdi mailako D gradu guztia baliozkotu dezakete praktikaldiarekin edo ikasketak bururaino eramanda. Lehen aldiz lortu da hiru administraziotatik datozen ikasleek formakuntza bakarra jasotzea, toki berean eta, bi aldeetan baliagarri diren tituluak baliozkotuz.

Zer izango da hemendik aurrera Tomasenea baserria?

Helburua izan da baserria lurraldeko beharrei erantzuteko toki bilakatzea, espazio irekia izatea, eta, nahi genuke, epe ertain-luzean, bilakatzea toki bat zeinetan transmisioa egiten den, edozein formatan baina transmisioa.