Ilargi AVILA

Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen topagunea

Irauli ekimena jaio da Laba elkartearen alboko lokalean, Iruñean euskaldunen topagune bilakatzeko eta euskara biziberritzeko intentzioarekin. Euskal harreman sarea zabaltzen eta trinkotzen lagunduko du aisialdiaren bidez euskarari bultzada emanez. Bertan antolatuko diren jardueren artean mintzapraktika berezia egingo dute.

Karlos Jimenez, Erkuden de Andres eta Jon Bujanda, Irauli ekimenaren bultzatzaile nagusiak.
Karlos Jimenez, Erkuden de Andres eta Jon Bujanda, Irauli ekimenaren bultzatzaile nagusiak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ekimen berri bat loratu da behinola Munarriz bitxi denda zenaren barruan. Erakusleihoa inguratzen duten beirate koloretsuak jadanik lekuko izaten hasi dira Nafarroako hiriburuan euskararekiko maitasuna eta ilusioa partekatzen duten familia gazteen topaketaz. Hori izango da Irauli egitasmoak Iruñean bete nahi duen funtzio nagusia: komunitateari euskal topagune bat eskaintzea.

Karlos Jimenez, Erkuden de Andres eta Jon Bujanda dira Irauli ekimenaren bultzatzaile nagusiak. Hirurei egindako elkarrizketa batean Bujandak azaldu zuenez, proiektuak «Iruñea iraultzea» bilatzen du. Hortik dator lokalaren izena, izan ere, Iruñean euskarak bizi duen egoera minorizatua aldatzea bilatzen dute sortzaileek.

Gazteluko plaza loratzeko helburua daukatela ziurtatu zuten. «Guk loratu esaten dugunean jendea euskaraz hitz egiten jarri nahi dugula esan nahi dugu. Orduan, Iruñeko plaza nagusi hau euskaraz hitz egiten jarri nahi dugu. Loreak atera daitezela lauza edo arrakala itsusi hauetatik», adierazi zuen Bujandak.

EUSKARA BIZIBERRITU

Iraulik euskarazko jarduera eta zerbitzuak eskaini nahi ditu, familiei bereziki, «euskara itxaropenarekin eta edertasunarekin» lotu dezaten. Ekimenaren sortzaileen iritziz, familietan euskara suspertzearekin erlazioa daukaten «korapiloak» daude, eta horiek laguntza komunitarioa behar dute «askatzeko eta hobeto eramateko».

Azaldu zutenez, Iruñean milaka euskaldun bizi diren arren, euskaraz bizitzeko erabakia hartzen duten familiek gabeziak sentitzen dituzte maiz, hizkuntzaren egoera minorizatuaren ondorioz. Hori dela eta, Iruñeko euskaldunak bakarrik sentitzen direla adierazi zuten, euskaraz bizitzeko zailtasunak dituztenean amore emateko burutazioa izaten dutela ziurtatuz.

«Norbanakoak gaizki bizi du hizkuntzaren gai hau eta guk lasaitasun mezu bat bidali nahi dugu», adierazi zuten Irauliren bultzatzaileek. «Bakardadetik ateratzeko aukera ona izan daiteke, askotan gure errealitatea tristurarekin, nekearekin edo etsipenarekin bizi dugulako», gaineratu zuten. Horrela jaio zen Irauli, Iruñeko gurasoek hiriaren inguruan dauzkaten behar eta ametsetatik.

MUNARRIZ BITXI DENDA

Jimenezek azaldu zuenez, gaur egun Irauliren lokala kokatuta dagoen espazioa aspaldi Munarriz bitxi denda zaharra zegoen tokian dago. «30 urtez edo egon da hemen Iñaki Munarriz bitxi denda. Duela urte bat jabeak erretiroa hartu behar zuen. Euskararen aldeko proiekturen batekin lotu nahi zuen lokala, beraz, berak ireki zigun atea», gogoratu zuen. Horrela, proiektuaren lokala bertan jarri behar zutela erabaki zuten, Labaren ondoan. «Badago zentzu urbanistiko bat, nolabait iskin osoa hartzea eta euskalduntzea», adierazi zuen.

Bujandak eskerrak eman nahi izan zizkion Munarriz familiari proiektuan sinisteagatik. «Munarriz familia euskaltzalea da. Apustua egin zuen alabak euskalduntzeko eta ongi joan zen. Gure adinkideak dira alabak. Haiei esker gaude hemen», aitortu zuen.

MINTZAPRAKTIKA BEREZIA

Orain dela urte bat hasitako ideia, errealitate bilakatu da jada. Gaur egun jarduerak antolatzen, prestatzen eta eskaintzen ari dira. Irauliren bultzatzaileek aditzera eman zutenez, azaroaren 7an hasi ziren bertan egingo den mintzapraktikarekin. Arratsaldean gauzatuko dira saioak, B1 edo maila altuagoa dutenentzako.

De Andresek azaldu zuenez, Irauliko mintzapraktika taldeak berezitasun bat dauka. «Mintzapraktikara etorriko diren gurasoek txikiak ekarri ahal izango dituzte, kontziliazioarekin gerta daitezken arazoak ekiditeko», jakinarazi zuen.

Maiz mintzapraktikak helduentzako zuzenduta egoten diren arren, Iraulin egingo direnetara seme-alaba txikiekin joateko aukera dagoela ziurtatu zuten. «Aitzakia horiek utziko ditugu kanpoan, hona etorri daitezkeelako txikitxoekin», adierazi zuen De Andresek.

BESTELAKO JARDUERAK

Mintzapraktikaz gain, lokalean harreman sarea zabaltzeko eta trinkotzeko helburua izango duten bestelako jarduerak egingo dituzte, yoga familian, psikomotrizitatea, Lego tailerrak, robotika, ipuin kontalariak, eskulanak eta biodantza, besteak beste. Jimenezek azaldu zuenez, zenbait jarduera erregulartasunez egingo dira, aldiz, beste batzuk puntualak izango dira. Azken horien inguruan, programazioa etengabe berrituko dela jakinarazi zuten. «Aktibitate berriak egiten eta programazioa aldatzen saiatuko gara», ziurtatu zuten.

Matrikulazio epeari dagokionez, izena emateko aukera beti irekita egongo dela esan zuten. «Puntualak diren jardueretan etengabe berritzen dugu programazioa. Orduan, izen-emateak ez du etenik. Aste barruko jardueretan, taldea osatu eta plazak libre dauden artean, beti dago aukera izena emateko», azaldu zuten.

Irauliren bultzatzaileek ekimena erreferente bilakatzearekin amesten dute eta proiektuan sinisten duten pertsona guztiek harpide izateko aukera daukatela gogorarazi zuten. «Proiektua maite duten pertsona guztiei gonbidapena egiten diegu harpide egiteko, pixka bat lagun gaitzaten proiektu hau ekonomikoki mantentzen», azpimarratu zuten.