GARA
GAZA HIRIA

Hamasek ez ditu armak utziko, okupazioak jarraitzen duen artean

Al-Qassam Brigadetako bozeramaile berria, hildako komandanteen irudien ondoan, Abu Obaida bozeramaile ohia barne.
Al-Qassam Brigadetako bozeramaile berria, hildako komandanteen irudien ondoan, Abu Obaida bozeramaile ohia barne. (AFP)

«Herri palestinarrak ez die armei uko egingo Israelen okupazioak jarraitzen duen bitartean», adierazi zuen Hamasen talde armatuak, Al-Qassam Brigadek. Mezua Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Donald Trump AEBko presidentearen arteko bilera egunean egin zuen. Bertan, erresistentziaren desarmea ekarriko lukeen su-etenaren akordioaren bigarren faseaz hitz egin behar zuten, besteak beste.

Bere hitzaldian, su-etena bermatu behar duten bitartekariei eskatu die Israeli arma hilgarriak kentzeko lan egitea, palestinarrak sarraskitzeko eta eskualdeko herrialdeen aurka erabiltzen ditu-eta, «palestinarren arma arinez arduratu beharrean».

«Gure herriak bere burua defendatzen du eta ez die bere armei uko egingo okupazioak dirauen bitartean. Ez du amore emango, ezta hortz eta haginekin borrokatu behar badu ere», berretsi zuen.

Gazan urriaren 10etik indarrean egon behar zuen su-etena urratzeaz gain, Israel Zisjordaniako errefuxiatu guneetatik palestinarrak lekualdatzen ari dela salatu zuten Al-Qasam Brigadek. «Krimen horiei erantzuteko dagokigun eskubidea da eta bermatuta dago», esan zuen.

«Inplikatutako alderdi guztiei eskatzen diegu okupazioa eteteko eta haien erasoa geldiarazteko, eta adostutakoa betetzera behartzeko», gaineratu zuen.

Kolonoen indarkeria eta Netanyahuren gobernuaren asmoa ere gogoratu zuten: «Anexio proiektua osatzea», eta Israelgo Parlamentuan eztabaidatzen ari diren lege proiektua, palestinarrentzako heriotza zigorra ezartzeko.

Halaber, Gazako hegoaldeko Rafah inguruan ezkutatuta eta Israelek erabat kontrolatuta duen esparruan geratu diren «palestinar borrokalari ausarten portaera» goraipatu zuten. Israelek Palestinako Zerrendaren erdia baino gehiago kontrolatzen du oraindik. Su-etena indarrean sartu zenez geroztik, Hamaseko kide horiek ezkutalekuetatik atera dira «amore eman gabe», bozeramaileak nabarmendu zuenez.

Negoziazioetan Hamasek miliziano horiek handik ateratzeko bide bat irekitzea eskatu zuen, baina Israelek ez zuen onartu eta horietako batzuk Israelgo Armadarekin izandako borroketan hil dira. Istilu horietan soldadu israeldar batzuk ere hil ziren. Israelek Gazako Zerrendako hainbat puntu bonbardatuz erantzun zuen.

Al-Qassam Brigadek Yemen, Libano, Irak, Iran eta Jordaniari dei egin diete Gazari laguntza eman diezaioten. «Tiro hotsak baretu badira ere, Gazak izugarri sufritzen jarraitzen du. Haien betebeharra da sufrimendua arintzea, eta horretarako gai dira», esan zuten.