Herri osoa josiko du euskarak
2026a Korrikaren urtea izanen da. Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu eta 29an Bilbora ailegatuko da Euskal Herri osoan hain maitea den ekimen hau. Testuinguru berezi batean beteko dira «Euskara gara» aldarriaz gure errepideak, euskara pizkunde berri baten beharrean dagoen momentuan.

Korrika gero eta handiagoa da. Lehen Korrikarik ez zegoen urtea eta Korrika urtea bereizten zituzten AEKn eta Korrikarik ez zegoen urtea lasaiagoa izaten zen. Orain, bolumena izugarri handitu da, lan aunitz aitzinatzen dituzte Korrikarik ez dagoen urte horretara, eta, adibidez, hausnarketarako tartea aurkitzea zail egiten zaie.
Hala adierazi digu Ane Elordi Alburquerque Korrikako arduradunak. Azaroan aurkezpena egin eta gero, bilera eta ekitaldien zurrunbilo batean sartu dira: Zetak-en “Xiberutikan Mendebaldera” abestia plazaratu dute, baita spota, jantziak eta “Kaka”, II. Sorkuntza Bekaren emaitza, ere. Leku batzuetan Korrika batzordeak osatzen ari dira jada. Gabon buelta honetan egin dituzte lehenbiziko ekitaldiak eta gehienak ilbeltzean hasiko dira herriz herri edo eskualdez eskualde bertako eragileak biltzen eta Korrikarako prestaketan eta programazio kulturalean lanean.
Urtarrilaren 8an ibilbidea ezagutaraziko dute eta, ondotik, ikas unitateak, bai eskoletarako eta bai euskaltegietarako. Jarraian, aurkezpen soziala eginen dute, eta martxoaren 19an Atharratzera. Hamar gauez eta hamaika egunez euskara Euskal Herri osoan hedatu ondoren, 29an Bilbora iritsiko da Korrika.
LEHEN LERRORA
“Euskara gara” hartuko du lematzat. Azkeneko edizioetan “Harro herri”, “HitzEkin”, “Batzuk” eta “Klika” erabili zituen. «Badira urte batzuk ‘euskara’ ez dela leloan agertu, eta bizi dugun egoera eta oldarraldi honetan euskara lehen lerrora ekartzeko beharra dugu, hitzez ere bai», azaldu du Elordik. Euskara zubi gisa landu behar dela erakutsiko dute. Euskal Herritar guztion hizkuntza izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izanen dela. Gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialarena.
«Lelo zaharrak gaur egunera ekarrita, euskarak egiten gaituela euskaldun sinesten dugu eta euskalduntasun horren barruan askotariko pertsonak gaude, jatorri batekoak eta bestekoak, euskara etxetik ekarri dugunak eta helduaroan kontzientzia baten ondorioz euskalduntze prozesu bat egin dutenak».
Abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Miribilla bete zuen euskararen aldeko pizkundea eragiteko eta, jakina, Korrika han izan zen. «Korrika ez da ekintza isolatu bat. Izaten ari diren askotariko gertaerak eta egitasmoak ziklo baten eta pizkunde berri baten barruan kokatu behar dira. Miribillako ekitaldiaren ondoren Korrika etorriko da, eta gero beste batzuk», nabarmendu du arduradunak.
LEKUKO HARTZEAK
Azken edizioetan gertatu izan da toki batzuetan kilometroak gero eta gutxiago direla mila metrokoak. Egokitzen joan dira eta kontzeptu aldetik ere kilometroa baino lekuko hartzea sozializatzea erabaki dute.
«Kilometro errealak 2.200 izango dira. Lekuko aldaketak, berriz, azkenengoan 2.700 izan ziren eta oraingo honetan ia 3.500era heltzeko erronka dugu. Alde batetik, ez dugu inor kanpoan utzi nahi, eta, bestetik, Korrikaren helburuetako bat bada euskararen normalizazioan egiten dugun lana duintasunez egin ahal izateko baliabide ekonomikoak biltzea. Oraindik badago beharrizana, ez dagoelako hizkuntza politika sendo eta ausartik eta lau urterik behingo edo urtean behingo ebazpenen arabera ari garelako, zer esanik ez hiru administraziotan lanean arituta», agertu du Korrikako arduradunak.
Administrazio ezberdinak aipatu ditugu eta Nafarroa hegoaldeko ekimen bat izanen da edizio honetako omendua: Errigora. Mugimendu herritar batetik sortua, hamar urte baino gehiago daramatza, elikadura burujabetza oinarri, euskara sustatzen, eta momentu egokia iruditu zaie aitortza egiteko eta bultzatzeko.
45 URTE, XEDE BERAK
Berriki Oñatin bildu ziren Korrikako kide zahar eta berriak, duela 45 urte ekimen zoragarri hau hasi zen lekuan, urteurrena ospatzeko.
«Omenaldia, aitortza eta eskertza egin genien Korrika martxan jarri zutenei, baina, aldi berean, aldarrirako ekitaldi bat izan zen. 45 urte igaro dira, 24. Korrikarantz goaz, eta helburuak ez dira aldatu. Orduan, zerbaitek huts egiten du», baieztatu du Elordik.
Korrikak, Euskal Herriari poz bat emanez, aldarri hori egiten jarraituko du 2026an. Oraindik badago euskara sustatzeko beharra, eta dagokienei ardura har dezatela eskatuko die.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
